Galileo nabigazio sistemak eta GPS Global Positioning Systemak elkarrekin lan egingo dute AEBak eta Europako Batasuna akordio batera iristen badira. Bi nabigazio sistemen lana bateraturik, lurreko edozein tokitako informazio zehatzagoa lortzea da helburua. Negozioetan dihardutenek aditzera eman dutenez, aste honetan bertan irits daitezke akordio batera.
AEBetako GPSa da Lurrean gehien erabiltzen den nabigazio sistema. Aldiz, AEBetako monopoliotik atera eta sistema propioa izateko asmoz ekin zion Europak 1999an proiektu berri bati: Galileo. Orduz geroztik, halere, aurrerapen txikia izan du egitasmoak. Izan ere, 2013. urte arte Galileo osatzen duten 30 sateliteak ez direla martxan egongo aurreratu zuten orain dela gutxi. Gaurdaino satelite bakarra espazioratzea lortu dute.
AEBak eta EB etorkizunari begira daude, ordea, eta horregatik eseri dira mahai inguruan. Bi nabigazio sistema horien bidez lortuko dituzten datuak elkarganatu eta informazio zehatzagoak lortzeko. Irrati frekuentzia berean igorriko dituzte GPSak eta Galileok datuak, eta ondorioz, datuak bateratu eta erabiltzea posible izango dute.
Bi nabigazio sistemak bateratuz eta satelite guztiek jasotako informazioa elkarganatuz, azpiegitura edo geografia dela-eta informazioa lortzea nekeza egiten den lekuetara iritsi nahi dute. Hala, edozein tokitako informazio are eta zehatzagoa lortzea espero dute.
Nabigazio sistemak bateratzeko ahaleginetan dabiltza AEBak eta EB
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu