Sakharov saria

Nadia Murad eta Lamiya Aji Baxar yezidientzat Sakharov saria

Estatu Islamikoaren sexu esklaboak izandakoei saria ematea erabaki du Europako Legebiltzarrak. EIk bahitu egin zituen, eta, gorriak eta bi ikusi ostean, alde egitea lortu zuten.

Nadia Murad, iaz, Estasburgon. PATRICK SEEGER / EFE
2016ko urriaren 27a
08:10
Entzun

"Daexen gatibu izan ziren; sexu esklaboak izan ziren, eta, ihes egin ostean, orain, Daexek emakumeen kontra egiten duen sexu indarkeriaren biktimen ahotsa dira", azaldu du Europako Legebiltzarrak, saria emateko argudio gisara. Horregatik eman diete kontzientzia askatasunari ematen dioten Sakharov saria.

Yezidiek EIren genozidioa jasan zuten 2014an. Gertatutakoaren bi lekuko bizi dira: Nadia Murad eta Lamiya Aji Baxar. EIren eskuetan egon eta ihes egitea lortu ostean, gertatutakoaren berri eman dute, hala egiteko eskatu dieten lekuan.

Duela bi urte eta bi hilabete hasi zen Nadia Murad eta Lamiya Ajiren infernua. EIk hil egin zituen haien herri Kochoko gizonezkoak, eta gatibu hartu zituen ihes egitea lortu ez zuten emakumezko eta haurrak. Era guztietako indarkeria jasan behar izan zuten, eta sexu esklabo hartu zituzten.

Muradek sei anai-arreba eta ama galdu zituen. Aji Baxar eta bere sei ahizpak saldu eta erosi egin zituzten, gutxienez bost aldiz.

EIren eskuetatik ihes egitea lortu zuten biek. Muradek duela bi urte lortu zuen alde egitea, eta, errefuxiatu gunez gune ibili ostean, Alemaniara iritsi zen. Aji Baxarrek apirilean lortu zuen alde egitea, eta, ihes betean zela, mina bat lehertu zitzaion. Harekin zihoazen bi hil egin ziren, eta bera, ia itsutu. Horrek ez zuen bidean geldiarazi, eta Alemaniara iritsi zen; familiako kide batzuekin elkartu, eta osatu egin zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.