Omran Zoabi Siriako Informazio ministroak ukatu egin du berehala Baxar al-Assad Siriako presidentearen kontrako erasorik izan dela. "Albistea gezurra da", esan du telebistan. Matxinoek aurretik esan dute presidentearen konboiari eraso diotela Damaskoko meskita batera zihoala, baina onik atera dela Al-Assad.
Al-Arabiya telebistak esan du konboiari morteroekin eraso diotela, Firas al-Bitar errebeldeen jenerala informazioaren iturri moduan aipaturik, baina Al-Jazeera kateak zabaldu du presidentearen egoitzaren ingurua bonbardatu duela, eta inguru horretara sartzeko errepideak itxi dituztela. Ustezko bonbardaketaren irudiak ere eman ditu, baina ohartarazita ezin izan duela baieztatu benetakoak diren.
Siriako telebistak , ordea, ustezko erasoa gertatu eta berehala presidentearen irudiak eman ditu, Ramadamaren amaierako Eid al-Fitr festan Damaskoko Anas bin Malek meskitan otoitzean.