Madrilen egin den COP25 goi bilerak ez du ezertarako balio izan. Bi egun gehiagoz luzatuta ere, munduko herrialdeak ez dira gai izan adostasun handietara heltzeko, eta, ondorioz, klima larrialdiri aurre egiteko neurri eraginkorrik hartu gabe joango dira etxera negoziatzaileak.
Ostiral iluntzean zen bukatzekoa bilkura, baina, adostasunik ez zenez, luzatzea erabaki zuen presidentetzak, Txileren ardurapean egon denak. Azkenean, gaur lortu dute gutxieneko akordio bat (Txile-Madril: Ekintzarako ordua), eta, horren arabera, herrialdeek 2020an neurri gehiago eta azkarragoak hartu beharko dituzte klimaren egoera larriari aurre egiteko. Ez ditu zehazten, ordea, zein neurri diren, eta herrialde bakoitzak bereak aurkeztu beharko ditu. Datorren urtean, Glasgown (Eskozia) izango da COP26 goi bilera, eta ordurako zehaztuta egon beharko da bakoitza zertan ari den.
Madrilgo goi bilera osoan, hainbat gaitan katramilatu dira herrialdeak, eta nagusia karbono isurien merkatua (salerosketa) arautzearena izan da, Parisko Hitzarmeneko 6. puntua, hain zuzen. Azkenean, ez dute ezer adostu gai horren inguruan, eta Glasgowko bilerarako utzi dute ados jartzeko aukera.
Herrialdeak bat etorri dira gai honetan: zientziari aparteko garrantzia eman behar zaio klima aldaketari aurre egiteko gobernuek hartuko dituzten neurrietan. Baina zientzia aspaldi dabil neurri eraginkorrak eskatzen, eta, oraingoz, ez du erantzun zehatzik jaso gobernuen partetik. Ezta Madrilen ere.
Azken uneko adostasunak, gainera, gutxi behar izan du horretaraino ez heltzeko ere. Brasilek berariaz eskatu baitu akordioko puntu bat kentzeko: ozeanoei aparteko garrantzia ematen zaie sistema klimatikoan, eta beste horrenbeste lurren erabilerari ere. Bada, Brasil ez da bat etorri horrekin hasieran. Gero, azkenera, ezezkoa baiezko bihurtu du Amerikako herrialdeak.
Adostu duten bestea izan da herrialde aberatsenek lagundu egin beharko dietela klima aldaketa bortizki jasaten ari diren herrialdeei. Klimaren Diru Funtsa Berdea erabiliko dute horretarako.
Generoaren Ekintza Plana abian jartzea ere badator akordioan, emakumezkoen presentzia «handitzeko» klimaren inguruko nazioarteko negoziazioetan. Horrez gain, klima aldaketaren eraginak emakumeak gehiago erasaten dituenez, neurriak iragarri dituzte hori bukatzeko, eta pertsona horiek «eragiletzat» hartuko dituzte klimari aurre egiteko neurrietan. 2025ean berrikusiko dute zer bilakaera izaten ari den puntu hori.
Klima aldaketari aurre egiteko neurrietan pertsonak «erdigunean» jarri behar direla ere adostu dute. Isuririk gabeko mundu baterako trantsizioak «justua» izan beharko duela agintzen du akordioak, eta horretarako lanpostu «egokiak eta eta kalitatezkoak» sortuko direla.
Azkenik, onartu egin dute gobernuak ez diren eragileen garrantzia eta esku hartzea klima aldaketan, eta eragile horiei eskatu zaie ekintza gehiago egiteko aldaketari aurre egiteko.
Carolina Schmidt (Goi bilerako presidentea): «Akordioa ez da nahikoa klima aldaketari berehala aurre egiteko»
Goi bilerako presidentea bera ere ez da pozik azaldu bilerarekin: «6. artikulua (karbono isurien merkatua arautzea) itxi nahi genuen, baina ez dugu lortu. Erantzun sendoagoa, presazkoa eta anbizio handiagokoa eman behar dugu». Bukatzeko, onartu du akordioa ez dela «nahikoa klima aldaketari berehala aurre hartzeko».
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia «atsekabetuta» dago emaitzarekin, eta gehitu du nazioarteak «aukera handia» galdu duela klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartzeko.
Goi bileran egon diren gobernuz kanpoko erakundeentzat, bilkurak eman duena «etsigarria» izan da, eta munduko agintariei leporatu diete «justizia klimatikoa ahaztea».
Ekologista taldeen ustez, «bileraren emaitza ez dator bat zientziak eskatzen duenarekin eta gizartea kalean eskatzen ari denarekin».