«Mehdiren Armadak jarraituko du Najafaeko santutegiaren eta hiriaren beraren zaintzen», adierazi zuen atzo Ahmad al-Sheibani Moktada al Sadr imamaren eledunak. «Ez ditugu estatubatuarak santutegietan sartzen utziko», gehitu zuen, Irakeko behin-behineko gobernuari aholkatu ziolarik, berriz, «bakezko irtenbide bat aurkitzeko ahalegina» egiteko. Anartean, agerian geratu zen atzo Irakeko Gobernuaren segurtasun indarrek ez dutela lortu Ali imamaten mausoleoaz jabetzea, ostiralean hori ziurtatu zuten arren. Izan ere, Mehdiren Armadako gerrillariek kontrolatzen zituzten atzo meskita eta bere inguruak. Haatik, apur bat bareagoa izan zen atzoko eguna, ostirale gauean, hilerriaren inguruetan, gudukaldi bat gertatu eta lau leherketa entzun baziren ere.
Meskitak, borroka gune
Moktada al Sadr imamaren eta Ali al Sistani Irakeko aiatola nagusiaren jarraitzaileen arteko hizketek jarraitu zuten atzo. Al Sistaniren ingurukoek mausoleoaz jabetzeko ezarri dituzten baldintzen artean santutegi honen barruan dauden aberastasunetan desagertzerik edo kalterik ez dela gertatu ikuskatzea eta bertako giltzak gutunazal zigilatu batean ematea bazen.
Najafen egoerak bere horretan jarraitu zuelarik, Mehdiren Armadako gerrillarien eta Ameriketako Estatu Batuetako Armadako soldaduen artean borrokak gertatu ziren Kufako meskitaren inguruan. Soldadu estatubatuarrek Najafetik 10 kilometrorat dagoen Kufa hiriko Maitham al Tammar meskitari eraso ziotela azaldu zuten Al Sadren gerrillariek. AEBen oldarraldia galarazi eta honek kontrolpean hartutako auzitegiaren egoitza erre zuela ziurtatu zuen Mehdiren Armadak. Guduka hauek hildako bat eta dozena bat zauritu eragin dituzte. Xiiten jazarraldiaz gain, erresistentzia sunitaren erasorik gertatu zen atzo. Hala, 3 soldadu estatubatuar hil ziren Bagdaden eta Samarran gertatutako segadetan eta soldadu poloniar bat hil zen eta beste 6 zauritu Hila hiritik hurbil. Honez gero, 711 dira erresistentziaren erasoen ondorioz orain arte hil diren soldadu estatubatuarrak eta 14, berriz, hildako militar poloniarrak. Ostegunean, beste 2 soldadu poloniar hil ziren eta 5 zauritu Hilan. Gauzak horrela, Poloniako Defentsa ministro Jerzy Szmajdzinskik iragarri zuen atzo Irakerat joango dela hurrengo egunetan, egoera berak zuzenean azterzeko gisan.Ramadin, Saad Samir Polizia kriminaleko buruzagia zuten tiroz hil atzo goizean, etxetik ateratzen zen unean. Bakuba inguruan, berriz, 4 zibilek bizia galdu zuten eta beste 14 zauritu ziren, AEBetako Armadako konboiak igarotzean lehertarazteko xedez bide bazterrean jarritako zartagailuek orduz kanpo eztanda egin ondoren. Halaber, indarkeria egoeragatik Bagdadeko aireportua astelehenetik itxita dagoela jakin zen atzo.
-
Datua
115
Najafen eta Bagdadeko Al Sadr auzunean azken egunotan gertatutako borroken ondorioz, 115 lagun hil direla jakinarazi du Irakeko Osasun Ministerioak. Beste 188 lagun zauritu zirela diote zenbaketa egin ostean. Basora, Diuania eta Hila hirietan gertatutako borrokak kontuan hartuz gero, berriz, 201 dira zaurituak. Najafen jazo dira guduka odoltsuenak eta 98 lagun hil dira.