Behin-behineko emaitzak baieztatuz gero, lehen aldia izango litzateke 1984. urteaz geroztik alderdi batek gehiengo absolutua lortzen duena. Nerhu-Gandi dinastiaren Kongresuaren Alderdia 45 barrutitan izan da gehien bozkatutako alderdia, eta inoiz lortu duen emaitza kaskarrena izan daiteke. Arratsaldean amaituko dute boto zenbaketa.
"Indiak irabazi du. Garai onak datoz", idatzi du Twitterren Modik, lehen emaitzen berri izan ondoren. Hain zuzen, txio hori izan da Asian inoiz gehien bertxiokatu den mezua. 51.000 lagunek baino gehiagok elkarbanatu dute mezua, eta 30.000ek baino gehiagok jo dute gogokotzat.
India has won! भारत की विजय। अच्छे दिन आने वाले हैं।
— Narendra Modi (@narendramodi) May 16, 2014
Emaitzak behin betikoak ez diren arren, porrota onartu du jada Kongresuaren Alderdiak: "Herriaren agindua onartzen dugu, ongietorria ematen diogu eta gure porrota onartzen dugu", esan du Satyavrat Chaturvedi senatariak.
Hauteskunde jendetsuenak
Indian hauteskundeak inoizko ariketa demokratiko jendetsuena izan dira. Apirilaren 7an hautetsontziak ireki zirenetik, 815 milioi herritar deitu dituzte botoa ematera. Antolaketa errazteko, bederatzi txandatan banatu dira bozketak. 543 hauteskunde barrutitan, 930.000 hauteskunde mahai zabaldu dituzte, eta 11 milioi lagun inguru aritu dira bozak zaintzen.
Nehru-Gandhi dinastiaren gidaritzapean izan da India azken hamarkadan, baina ustelkeria auzien eta ekonomiaren moteltzearen ondorioz higadura handia jasan du. Langabezia nabarmen handitu da gazteen artean, ustelkeriak Kongresuaren Alderdia zipriztindu du, eta alderdiko buruzagiei eroskeria delituak egotzi dizkiete. Ajay Rai da Kongresuaren Alderdiko hautagaia, eta ahulduta iritsi da bozetara.