Nargis zikloiak hondatuta utzi du Myanmar. Joan den ostiraletik larunbaterako gauean astindu zuen herrialdea, eta egundoko balantze larria eragin duela nabarmendu dute hango agintariek, hasiera batean uste eta esan baino larriagoa.Nyam Win Myanmarko Atzerri ministroak jakinarazi du, azken datuen arabera, 10.000 lagun hil direla. MRTV telebista kate publikoan argibideak ematek agerraldia egin zuen atzo iluntzean Winek: «Oraingoz, haatik, informazio gehiago jasotzen ari gara, eta litekeena da biktimen kopurua handiagoa izatea». Myanmarren agintzen duen junta militarraren menpeko hedabideek aurretik emandako datuen arabera, hondamendi naturalak 3.969 lagun hil zituen. Desagertuak, balantze horren arabera, 2.129 ziren.
Egoera itzel horri aurre egin ahal izateko, nazioarteko laguntza onartuko dutela zehaztu zuen diplomazialariak, hasiera batean kontrakoa esan bazuen ere. «Helaraziko diguten laguntzari ongi etorria egingo diogu, gure herriak ordu larriak bizi baititu», adierazi zuen Nyan Winek.
Bengalako Golkotik sartu zen zikloia. Myanmarko hego-mendebaldeko kostaldeak ostirala gauean jo zituen . Orduko 190 eta 240 kilometro bitarteko indarra zuten haize ufakoek. Irrawady, Pegu, Rangun, Mon eta Karen estatuak bete-betean astindu zituen eta kalte itzelak eragin zituen bost eskualde horietan. Myanmarren orotara 53 milioi lagun bizi dira eta bost eskualde horietan24 milioi lagun inguru bizi dira.
20.000 ETXEBIZITZA SUNTSITUTA. Haing Gyiko uhartea izan da gehien kaltetuetako aldea. Bengalako Golkoan dago, eta, han, 20.000 etxebizitza suntsitu ditu zikloiak;92.700 lagun aterperik gabe utzi ditu. NBE Nazio Batuen Erakundeko giza laguntzarako bulegoak zehaztu du kaltetutako eskualde horiek premiazko laguntza behar dutela, hala nola elikagaiak, ura garbitzeko botikak, sendagailuak eta oihalezko aterpeak.
ASEAN Asia Hego Ekialdeko Nazioen Batasunak ere iragarri du premiazko giza laguntza helarazteko ahaleginak egingo dituela . Estatu Batuek eta Europako Batasunak ere laguntza agindu dute.
'Nargis' zikloiak 10.000 hildakotik gora eragin ditu Myanmarren
Zikloiak erabat txikituta utzi ditu bost eskualde, eta aterpe eta elikagairik gabe daude dozenaka mila lagun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu