Mexiko. Narkotrafikoa eta politika

Narko eta militarren itzalpean

Presidente berria hautatuko dute Mexikon uztailaren 1ean. Narkotrafikoaren kontrako politikak, Lopez Obradorren gorakadak eta ikasleen protestek bete dute kanpaina.

Jon Fernandez.
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Abelardo L. Rodriguez militarra Mexicali hirira bidali zuten 1910eko hamarkadan, AEBetako muga-mugan Mexikok zuen hiria defendatzera. Washingtonen inbasioa inguru hartatik hasiko zela uste zuten, baina ez zen horrela izan. Egonaldi hartan, ordea, Esteban Cantu Jimenez koronela ezagutu zuen L. Rodriguezek, eta esperientzia hark 90 urte geroago Mexikon bizi-bizi jarraitzen duen negoziora hurbildu zuen 1932tik 1934ra herrialdeko presidente izango zena. Hainbat historialari eta ikertzailek Mexikoko lehenengo narkopresidentetzat jotzen dute.

Koronelak negozio beltzetako irabaziekin ordaintzen zien bere tropei: mugaldean opioaren, marihuanaren, prostituzioaren, alkoholaren eta kasinoen negozioa kontrolatzen zuten txinatarren leialtasuna erosten zuen. Mexicalin ikasitakoak gobernura eraman zituen gero L. Rodriguezek, eta harrezkero ez dira eten narkotrafikoaren eta boterearen arteko hariak. «1930eko hamarkadan gobernurasartu zen arazo zaharra da narkotrafikoa Mexikon», Francisco Cruz Tierra narca liburuaren egilearen ustez.

PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak 70 urte egin zituen boterean, 1929tik 2000ra arte —Abelardo L. Rodriguez alderdi horretakoa zen—, eta krimen antolatuarekin konplizitatez jokatu izana leporatu izan diote beti gainontzeko alderdiek. Urteak igaro ahala, krimen antolatua hedatu, hazi eta modernizatu egin da, eta PAN Ekintza Nazionalaren Alderdiak egoera zeharo aldatu nahi izan zuen boterera iritsi zenean, duela hamabi urte. Alabaina, PANen bigarren agintaldian okerrera egin du egoerak. 2006ko abenduan kargua hartu eta hamar egunera deitu zuen «narkotrafikoaren kontrako gerrara» Felipe Calderon kontserbadoreak. Armada, Polizia eta gainontzeko segurtasun indarrak atera zituen kalera kartelei aurre egiteko, baina emaitzak ezin okerragoak izan dira: 60.000 hildako eta drogaren negozioa inoiz baino indartsuago.

«Indarkeria gutxitu beharrean, Mexikoko narkotrafikoaren kontrako gerrak hilketak, torturak eta bestelako hainbat abusu larri ugaritzea ekarri du; estatuko segurtasun indarrek eragindakoak, gainera», esan du HRW Human Right Watch erakundeak. Kartelek indar gehien duten estatuetan 50.000 soldadu atera ditu kalera gobernuak, marine-ez eta polizia federalez gain. Kaleak militarizatzeak bi gerraren artean jarri ditu herritarrak: nagusitasuna bermatzeko kartelen arteko gudadute batetik, eta narkotrafikoaren eta estatuko indarren arteko gerra bestetik. Egoera asko gaiztotu da, eta gobernuaren gerrak porrot egin du. Wikileaksek 2010ean argitaratutako agirietan, Calderonek Jose Maria Aznar Espainiako presidente izandakoari egindako aitorpen bat agertu zen: «Ez nuen kalkulatu zenbaterainokoa zen narkotrafikoaren arazoa».

Lurraldearen kontrola

Narkotrafikoa urte luzez eta barru-barrutik aztertu du Sergio Gonzalez Rodriguez idazle mexikarrak, eta argi dauka zein den arazoaren muina: «Mexikoko botere politikoan eta ekonomikoan sartuta dago».

«Degradazio instituzionala» du Mexikok. «Delituen %99 zigor barik geratzen dira. Horregatik esaten dut zuzenbide estatuak porrot egin duela», azaldu du El hombre sin cabeza liburuaren egileak. Hitzez hitz esan ez arren, Defentsa Nazionaleko idazkari Guillermo Galvan jeneralak herrialdea militarizatzeak ez duela ezertarako bali izan aitortu zuen joan den otsailean: «Delinkuentzia antolatua estatuko erakundeez jabetu da hainbat eskualdetan».

SSP Segurtasun Publikorako Idazkaritzaren arabera, bost kartel nagusiek —Zetas, Familia Michoacana, Sinaloa, Juarez eta Golfo— Mexikoko lurraldearen erdia baino gehiago kontrolatzen dute, eta inguruko herrialde batzuetara ere hedatu dira: Kolonbiara, Costa Ricara, Venezuelara eta Panamara, besteak beste. Gainera, kartelek Mexikon «babes politikoa eta poliziala» dutela aitortu du SSPk.

Gonzalezen arabera, orain dela gutxi arte Mexikoko gizartean, oro har, ez zen drogarik kontsumitzen. «Irailaren 11ko erasoaren ostean, Washingtonek muga blokeatu zuen, eta, neurri handi batean, horregatik hasi zen droga Mexikon bertan geratzen, eta barneko merkatua hazten. Lehen, hegoaldeko herrialdeetatik droga AEBetara garraiatzeko herrialdea ginen. Orain, kartelak indartu direla, herrialde kontsumitzailea bihurtu gara».

PANen hamabi urteko agintaldiak indarkeriaren gorakada eta narkotrafikoaren indartzea ekarri duela ikusita —Calderonen aurretik Vicente Fox kontserbadorea egon zen boterean—, Mexikoko herritar gehienak nazkatuta daude, eta uztailaren 1ean izango dute aukera haserrea botoaren bitartez erakusteko. Calderon ezin da berriro aurkeztu, eta PANek Josefina Vazquez Mota aukeratu du presidente izateko. Inkestek, ordea, erabateko porrota iragarri diote. Zeintzuk dira, orduan, eskuinaren alternatibak Mexikon?

Kanpaina hasieran PRI agertu zen presidentzia irabazteko faborito ia bakartzat, baina hauteskundeen eguna hurbildu ahala, egoera erabat aldatu da, pare-parean jarri baitzaio Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaia (AMLO siglekin izendatzen dute).

Lopez Obradorren gorakada

«Jendeak ez du PANen gobernu gehiagorik nahi, baina ezta PRI itzultzerik ere. Horregatik, herritarrak ezkerrera begira jarri dira, eta Lopez Obrador ikusi dute». Baikor agertu da Ricardo Monreal senatari eta AMLOren kanpaina arduraduna telefonoaren bestaldean. «Irabazi egingo dugu; horixe da gure iragarpena».

Inkesta gehienek hamar punturen aldea aipatzen dute Peña Nietoren eta Lopez Obradorren artean. Reforma egunkariak argitaratutako azken inkestaren arabera, ordea, lau puntura daude; haren arabera, botoen %38 jasoko ditu Peña Nietok, eta %34 Lopez Obradorrek. «Pare-parean gaude, baina gu haziz goaz, eta PRI ahultzen ari da». Vazquez Mota urrun geratu da, hirugarren, botoen %23rekin. Gainera, PANeko Fox presidente ohiak ere PRIren aldeko botoa eskatu du.

PANen hondoratzearen arrazoi nagusietako bat narkotrafikoaren kontrako gerra estrategia izan da, Monrealen ustez. «Okerreko politika izan da, eta emaitzak, negargarriak. Ez dute aurrez pentsatutako estrategiarik eduki, ez da zerbitzu sekretuko lanik egon, ez segurtasun indarren arteko koordinaziorik... Beroaldi batean erabakitako politika izan da». Narkotrafikoaren kontrako estrategia eraginkorrago bat nahi dute herritar gehienek, baina erantzukizun hori ez dutePRIren esku laga nahi, ezaguna baita Mexikon urteak eta urteak boterean egin dituen alderdiaren ustelkeriazko iragana. Narkotrafikoan adituek, eta baita PANek berak ere, delinkuentziarekin ezkutuko negozioak, tratuak eta ezikusiarena egin izana leporatu izan diote PRIri.

«Gizartean hedatuta dago PRIk narkotrafikoarekin konplizitatez jokatu zuen ideia. Orain, gainera, PRIko gobernadore izandako batzuen kontrako epaiketak hasita daude AEBetan», azaldu du Monrealek. «Lopez Obradorrek ez du gerra egingo itsu-itsuan, baina ez du kartel bakar bat ere babestuko. Calderonek egin duena liztor habia bati erratz batekin ematea bezala izan da, inolako estrategia eta babes barik». Hauteskundeak irabaziz gero, narkotrafikoari aurre egiteko arazoaren arrazoiei helduko diela agindu du. «Hezkuntzarekin eta osasunarekin aurre egin behar zaio krimen antolatuari. Besteak beste, gazteak salbatu behar dira, eskolan sartuta eta lana eskainita; landa gunean buruaskitasuna lortzeko gizarte politika bermatu behar da, eta funtzionarioen soldata jaitsi, handiak baitira».

Nolanahi ere, badirudi ez dela narkotrafikoaren kontrako borrokaren estrategia eredua izango ez Peña Nietori garaipena ken diezaiokeena, ez Lopez Obradorri eman diezaiokeena: 132 Naiz edo Udaberri Mexikarra deituriko mugimendua da aldaketa bultza dezakeena.

Udaberri mexikarra

Maiatzaren 11n PRIko presidentegaiak hitzaldi bat eman zuen Mexikoko Unibertsitate Iberoamerikarrean, eta galderen txandan ikasleek agerian laga zuten hautagaiaren iragan iluna. Alderdiak eta haren hurbileko hainbat telebista katek ikasleen kontra egin zuten gogor, ezkerreko hautagaiaren zerbitzura ari diren probokatzaileak zirela esanez. Kritikei erantzuteko, protesta bideo bat grabatu eta sarean jarri zuten 132 ikaslek. Gazteek sekulako babesa jaso zuten, eta harrezkero milaka herritar bildu dira ofizialismoaren kontrako protestetara.

Mugimenduak bere burua alderdikeriatik kanpo dagoela nabarmendu badu ere, goitik behera aldatu du kanpaina, eta bistan dago PRIri egiten diola kalte eta ezkerreko hautagaiari mesede. «Udaberri mexikarrak baldintza onuragarriak sortuko ditu Lopez Obradorrek irabaz dezan, zalantzarik gabe», aitortu du Monrealek. Hala ere, argitu du beraiek ez dutela sortu mugimendua. «Peña Nietoren baldarkeriak piztu du».

Kanpainak hartu duen norabideari esker haizea alde izan arren, bada zerbait «beldurra» eragiten diona ezkerreko hautagaiari: iruzurra. 2006an, datu ofizialen arabera, botoen %0,56rengatik galdu zuen presidentetza Lopez Obradorrek, Calderonen mesedetan. Bere burua irabazletzat jo eta iruzurra salatu zuen orduan. Protesta gisa, presidentearen kargu hartze sinbolikoa egin zuen Mexiko Hiriko Konstituzioaren Plazan, milaka jarraitzaileren aurrean.

PANen eta bereziki PRIren menpeko hedabide nagusiek «Mexikoren etsai» modura agertu zuten Lopez Obrador. Baina hasierako protesta diskurtsoa leundu eta berriz bozetara aurkezteko bide luzea egin du. Iazko azaroan hasi zuen kanpaina, Errepublika maitekorra leloarekin. «Ustelkeriaren borrokan, pobreziaren murrizketan eta justizia printzipioaren eraginkortasunean» oinarritutako adiskidetze nazionala bultzatu nahi zuen, baina hedabideek burla egin zioten AMLOVE ezizenarekin. Kanpainaren bigarren fasean duela sei urte babestu ez zuten sektoreetara hurbildu zen —enpresariengana, gazteengana eta elkarte erlijiosoetara—. Kanpainaren azken txanpan, berriz, boto baliagarriaren aldeko deia egingo dutela dio Monrealek, eta 2006koa berriz gerta ez dadin, hautesleku guztiak zainduko dituztela bozen egunean. «Hautestontziak kontrolatu ezean, iruzurraren beldurra dago oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.