AEBetako presidente George Bush atzo gauean ailegatu zen Ukrainako hiriburura, Kievera, herrialdea NATOn sartzearen aldeko kanpaina egiteko asmoz. Washingtonek estutu egingo ditu beste kideak, bi estatu horiekin negoziazioak has ditzaten. Izan ere, misilen aurkako ezkutua Ukrainan jarri nahi du Etxe Zuriak, eta hura NATOn sartzeak lana erraztuko lioke. Horretaz gain, bi herrialde horiek Ekialdeko Europarako sarrera dira, eta, beraz, estrategikoki garrantzitsuak.
Oraingoan, ordea, ez dirudi Bushen ahaleginek arrakastarik izango dutenik. Izan ere, haren agintaldia amaitzear dago -urtarrilean utziko du kargua-, eta Europako hainbat herrialde, jada, jarri dira haren hurrengoa izan daitekeenari begira. Bestetik, berriz, Europako Batasuneko kide diren hainbat estatuk ez dute Errusia haserrarazi nahi, hura delako EBren gas hornitzaile nagusia.
MOSKUREN INDARRA. Kiev eta Tbilisi, bestalde, prest daude NATOn sartzeko negoziazioak hasteko, baina baldintzekin. Horiek ere ez dute nahi Mosku haserretzerik: Ukrainak, EBk bezala, Errusia duelako gas hornitzaile nagusia; eta Georgiak, berriz, lehendik ere badituelako nahikoa arazo Moskurekin. Horiek hala, Kievek iragarri du ez duela onartuko base militarrik Ukrainan, eta ez dituela «inoiz» zuzenduko bere misilak Errusiarantz -hura erakundean sartuz gero, misilak harantz zuzenduko zituela ohartarazi zuen Moskuk-. Herritarrak ere ez dira ados jartzen, erakundean sartu nahi duten erabakitzerakoan. Azken datuen arabera, erdiak NATOn sartzearen aurka daude. Galdeketa lehen aldiz egin zutenean, 2002an, herritarren %32,2 NATOn sartzearen aurka zeuden, eta %32 alde; egun, aldiz, %20,9 daude alde, eta %53,1 aurka.
Badira, baina, erakundean sartzeko aukera duten hiru herrialde: Kroazia, Albania eta Mazedonia. Horiek aspaldian hasi zituzten negoziazioak, baina ez dute parte-hartzeko gonbita ofiziala jaso. Urrats hori aste honetan egingo dutela espero da, beti ere, Greziak Mazedoniari betoa jartzen ez badio. Atenasek ohartarazi du, Mazedoniari betoa jarriko ez badio, izena aldatu beharko duela. Greziako iparraldean badago eskualde bat Mazedonia izenekoa, eta Atenas beldur da herrialdea NATOn sartzen bada, eskualdeko independentziaren aldeko mugimendua indartuko den. 1991n, Mazedoniak independentzia aldarrikatu zuenean arazo bera sortu zen, eta behin-behinean Jugoslavia Ohiko Mazedoniako Errepublika izena erabiltzean adostu ziren, akordioa lortzeko elkarrizketekin jarraitzeko baldintzarekin.
Litekeena da,ordea, Greziak Mazedoniari betoa jartzen badio, Kroaziak eta Albaniak ere bat egiteko gonbita ez jasotzea. Ondorioz, estatu-kideek Atenas estutuko dute Mazedonia onar dezan.
PROTESTAK. Egunotan protestak egin dituzte bai Mazedonian eta baita Ukrainan ere. Lehenengoan dozenaka lagun bildu dira Skopje hiriburuan herrialdeari izena aldatzearen aurka protestatzeko. Ez dirudi, ordea, horrek Greziarengan eraginik izango duenik. «Greziaren jarrera ez da ez mehatxua, ezta zigorra ere. Hirugarren herrialde batek Aliantzako kide izan nahi badu, dagoeneko kide diren estatuekin dituen arazoak konpondu behar ditu aurretik», nabarmendu du Atzerri Ministerioko eledun Georgos Kumunkhakosek.
Ukrainan, bestalde, Bushen aurkako manifestazioak egin zituzten atzo ehunka lagunek. Alderdi Komunistak eta sozialistek deituta, NATOn sartzearen aurkako ekintzak egingo dituzte aste osoan. NATO zoaz AEBetara eta Bush diktadore odolzalea irakur zitekeen atzo hiriburuan bildutako manifestarien karteletan.
Errumanian, aldiz, segurtasun indarrak dira nagusi. Dena prest dago goi bileran parte hartuko duten 3.000 gonbidatuei harrera egiteko. Agintariek 33.000 polizia eta soldadu zabaldu, eta alerta maila gorena ezarri dute hiriburuan.
Afganistango gerra, erakundeko kideen amesgaiztoa
AEBek 2001ean Afganistani eraso ziotenean, gatazka berehala amaituko zela zirudien. Zazpi urte geroago, ordea, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen amesgaiztoa bilakatu da. «Bake indarrak» dira ofizialki erakundekoak, baina koalizioaren ahalmen eskasaren erakusle bilakatu da askorentzat Afganistan. Izan ere, gatazka konpontzeko gai ez izateaz gain, arazo larriak ditu herrialde hartara tropa gehiago bidaltzeko. Estatu kideek ez dituzte soldaduak bidali nahi, ez behintzat eskualde gatazkatsuetara. Ondorioz, batek baino gehiagok zalantzan jarri dute erakundea benetan baliagarria ote den.Horiek hala, koalizioaren hedapenaz ez ezik, haren etorkizunaz, eta batez ere Afganistanen egin beharrekoaz hitz egingo dute Errumaniako goi bileran.