Tripoliko borrokak ez dira amaitu. Erreboltariek gero eta kontrol handiagoa badute ere,Muammar Gaddafiren indarrek ez dute amorerik eman; aireportu inguruan eta beste hainbat gunetan, erresistentzia nabaria da oraindik. Abu Saleem auzoa, berriz, guztiz kontrolpean dutela adierazi du oposizioak. Ostegunean inguratu zuten auzoa, diktadorea eta haren senitartekoak bertan gordeta egon zitezkeelakoan. Erreboltariek, dena den, ez dute Abu Saleemen Gaddafiren arrastorik aurkitu. Auzuneko ospitalean, berriz, 200 gorpu baino gehiago aurkitu dituzte; medikuek ez dute gaixoak behar bezala artatzeko bitartekorik, eta oraindik bizirik dauden asko ere hiltzeko arriskuan daude egoera konpondu ezean. Libiako gatazka hasi zenetik, 20.000 lagun inguru hil dira Mustapha Abdeljalil Trantsiziorako Gobernu Nazionaleko buruaren arabera.
Borrokarik larrienak, dena den, Sirte —Gaddafiren jaioterria— hirian ari dira gertatzen. Ostegun gauean diktadorearen bunker bat bonbardatu zuten NATOren misioan lanean diharduten Erresuma Batuko hegazkinek. Liam Fox Erresuma Batuko Defentsa ministroaren arabera, «NATOren helburua ez da Gaddafi aurkitzea, erregimenari herritarren aurka borrokan jarraitzeko indarra kentzea baino». Gaddafiren kontrolpean jarraitzen duen hiri gutxietarikoa da Sirte, eta momentu honetan erreboltarien helburu nagusia da. Behin hiri hori hartuta, Libiako kostalde guztia izango du mendean oposizioak.
Sirte inguruan, gainera, hainbat hiritara —Tripoli barne— ura banatzen duten putzuak daude, eta erreboltariak beldur dira Gaddafik ur hori pozoituko ez ote duen. Ura putzuetatik ateratzeko martxan dauden instalazioei eraso eginez gero, berriz, urik gabe utziko lituzke hiru milioi lagun baino gehiago.
Sabha eta Zuuara hiriek ere erregimenaren mende jarraitzen dute, eta borrokak daude bi aldeen artean. Oposizioaren arabera, gutxienez hamar erreboltari hil dituzte azken orduetan Sabhan. Tunisiako armadaren arabera, berriz, azken orduetan Gaddafiren aldeko gero eta lagun gehiagok Tunisiako muga zeharkatu dute, gataztik ihesean; mugatik gertu dauden hainbat hiritan borrokan ari dira erreboltariak eta erregimenaren aldekoak.
Egoera larria Tripolin
Bien bitartean, Gaddafik desagerturik jarraitzen du. Mohamed Alagi Trantsiziorako Gobernu Nazionaleko Justizia ministroaren arabera, dena den, «Gaddafi ez da kezka nagusia, herrialdearen segurtasuna kontrolatzea baizik». Diktadorea harrapatzea lortzen badute, berriz, lehendabizi Libian bertan epaitu nahi dute erreboltariek, Hagako Auzitegira estraditatu aurretik. NBE Nazio Batuen erakundearen ustetan, ordea, epaiketa Hagan egitea da «herrialdearen etorkizunarentzako irtenbiderik onena».
Astebeteko borrokek erabat txikituta utzi dute hiriburua, eta jendea apenas irteten da kalera, borrokak berriro hasiko diren beldur. Teilatuetan, gainera, frankotiratzaileek jarraitzen dute. Ur eta janari gabezia ere badute Tripolin, eta elektrizitatearekin arazo ugari dituzte. Kalean, berriz, zaborra eta gorpuak daude alde guztietan, eta ospitaleek gainezka egin dute. «Aste honetako gauak oso dramatikoak izan dira, eta ahal dugun guztia egin dugu», adierazi du Tripoliko ospitale batean lanean diharduen erizain batek. Egoeraren larritasunaz oharturik, odola ematera joateko deia egin diete erreboltariek herritarrei. OIM Migrazioen Nazioarteko Erakundea, berriz, hiriburuan harrapatuta geratu diren etorkinak ateratzeko lanetan ari da; 260 lagun inguru atera dituzte dagoeneko, eta asteburu honetan geratzen direnak ateratzen jarraitzeko asmoa dute.
OME Osasunerako Mundu Erakundeak, bestalde, ehun miloi euro jaso ditu Libiari blokeaturiko dirutik, eta diru hori «ospitaleak nozitzen ari diren gabezia larriak arintzeko» erabiliko dute.
AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, gainera, astearte eta asteazkenean Tripoliko gune militarretan hainbat preso hil zituzten Gaddafiren aldekoek. Hala, AIk gatazkan murgilduta dauden bi aldeei dei egin die, atxilotzen dituzten lagunak hil edo torturatu ez ditzaten.
NBEk desblokeatu du dirua
Herrialdearen egoera hobetze aldera, Trantsiziorako Gobernu Nazionalak dirua behar du berehala. NBEko Segurtasun Kontseiluak 1.000 miloi euro desblokeatzeko proposamena onartu zuen ostegunean, AEBek egindako esakerari erantzunez.
Neurri hori, ordea, ez da nahikoa Mahmud Jibril Trantsiziorako Gobernu Nazionaleko lehen ministroaren hitzetan. Libiak nazioartean blokeaturik dituen funts guztiak desblokeatu beharko liratekeela uste du Jibrilek, «segurtasuna» lortzeko. Europako Batasuna, bestalde, bart biltzekoa zen Libiako funtsak nola kudeatu aztertzeko, dirua erreboltariek jaso dezaten, eta ez Gaddafiren aldekoek.
Afrikako Batasuneko kideakere bildu ziren atzo, baina ez zuten oposizioak agintea hartzearen alde egin. «Oraindik borrokan ari dira, beraz, ezin dugu esan Trantsiziorako Gobernu Nazionalak agintea hartzea zilegi denik», adierazi du Jacob Zuma Hegoafrikako presidenteak.
Protestak herrialde arabiarretan. Libia
NATO Sirte bonbardatzen ari da, Gaddafiren kontrolpean jarraitzen duen hirietako bat
Tripolin ere borrokek diraute, aireportu inguruan batez ere; Abu Saleem auzoa mendean dutela esan dute erreboltariekNBEko Segurtasun Kontseiluak 1.000 miloi euro desblokeatu ditu oposizioari emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu