NATOko 28 herrialdeek Ukrainari 15 milioi euro ematea adostu dute, segurtasun indarrekin zerikusia duten erreformak egiteko. Bilkuran Ukrainako gatazka, Estatu Islamikoaren jarduna eta Afganistango esku hartzea dituzte hizpide, besteak beste. Newporteko hotel batean elkartu dira ordezkari guztiak, eta, saioa hasi aurretik, David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gogorarazi du NATO oraindik "ezinbestekoa" dela. Bilera une "erabakigarri" batean heldu dela gaineratu du.
Batetik, Ukrainako gatazkari dagokionez, Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak esan du Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea "tinko" agertu dela: "Errusiarekin genuen lankidetza bertan behera utzi dugu, eta gure kide den Ukrainarekin sustatu egin dugu. Gure defentsa kolektiboa sendotu dugu". Ukraina kide aktibo eta fidagarritzat jo du Rasmussenek, eta Errusiari igorri dio mezua, "bakearen bidea" har dezan: Ukrainako mugatik soldaduak bidaltzeko, matxinoei armarik ez emateko eta borrokak uzteko eskatu dio. Bestetik, Estatu Islamikoaz esan du "nazioartearen eginbeharra" dela haren aurrerakada gelditzea.
Bileraren aurretik, omenaldia egin diete Afganistanen Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra misioan hil edo zauritu zirenei. Bien bitartean, bostehun bat lagunek protesta egin dute Newporten, bileraren kontra.
Galesko bilkura eta Kremlineko ordezkariek iragarritako planen berrikuspena Gerra Hotz berri bat instituzionalizatzeko pausotzat ikusi dituzte nazioarteko agintari eta analista batzuek.