Afganistango Segurtasun Ministerioak jakinarazi du,ikerketa abian jarri duela AEB Ameriketako Estatu Batuek zuzendutako nazioarte koalizio militarrak igaro egun hauetan herritar zibilen aurka egindako erasoaldiak argitzeko. Izan ere, 25 lagun hil diraKapisa eta Nangarharko probintzietan egindako erasoetan.
Kabul hiriburutik 70 kilometrora, ipar-ekialdean, Nijrabeko barrutian (Kapisako probintzia), Ipar Atlantikoko Itunaren Erakunde NATOko gerra hegazkinek 900 kilo lehergailu bota zituzten atzo etxe baten kontra. Eraso horren zergatia azaltzearren, koalizioko bozeramaile Davide Accetta koronelak ziurtatu zuen, etxe horretara ihes egiten ikusi zituztela atzerriko soldaduen base baten aurka koheteak jaurti zituzten bi ekintzaile.Alabaina, txikitutako etxearen hondakinen artean, bost emakume, hiru haur eta gizonezko bat aurkitu zituztela azaldu zuen atzo Kapisa probintziako gobernadoreorde Saied Daud Hashimik.
Eraso odoltsu hori gertatu baino zenbait ordu lehenago, igandean, nazioarteko koalizioko AEBetako militarrek 16 bat zibil hil eta beste 24 bat zauritu zituzten Jalalabadeko eskualdean (Nangarharko probintzia). «Koalizioak azaldu digu, gerrillarien eraso egite bati erantzunez, eta beren burua babestearren egin zutela tiro» adierazi zuen atzo Afganistango Segurtasun Ministerioko eledun Zemarai Basharik. «Oraindik ez dakigu, haatik, koalizioko militarraren tiroek ala gerrillarienak dituzten zibilak hil».
Arazoa da, baina, gertakarien lekuko izan zirenek ziurtatu dutela soldadu estatubatuarrek alde guztietara egin zutela tiro, beren konboietik hurbil ekintzaile suizida batek bonba-auto bat leherrarazi ondoren. Lekuko horien arabera, eraso egile gehiagoren partetik ez zen tiroketarik izan.
Afganistango presidente Hamid Karzaik zibilen hilketak «irmo» salatu zituen atzo, eta gertera hauek argitzeko ikerketa bat abian jartzeko agindu zuen. Hala, koalizioko eta Afganistango Segurtasun Ministerioko ikertzaileak gertakariak jazo ziren lekuetara joan ziren atzo bertan.Igandean ehunka herritarrek protesta egin zuten sarraskiaren ostean. «AkaboAEBak!». «Akabo Karzai !». Oihu horiek nabarmendu ziren.
Zibilak asko sufritzen ari dira Afganistango gatazkan. Iaz, herrialdeak bizi duen indarkeria egoeran hil ziren 4.000 lagunetatik 1.000 inguru zibilak zirela ziurtatudu HRW Human Rights Watch giza eskubideen defentsarako erakundeak. Herenegungo gertakarien aurretik zibilek jasandako eraso odoltsuena iazko urrian gertatu zen. ISAF Afganistanen Segurtasuna bermatzen laguntzeko nazioarteko indarrak 31 herritar hil zituen Kandaharko probintzian egin zuen oldarraldi batean.
OPIO EKOIZPENA, UGALTZEKO BIDEAN. Indarkeria egoeraz gainera, Afganistanek pairatzen duen beste gaitz bat da opioaren ekoizpena. Heroina ekoizteko baliatzen den landare honen landatze esparruak %59 ugaldu ziren iaz, eta aurten ere bide horretan jarraituko dela azaltzen du UNODCNazio Batuen Drogen eta Krimenen aurkako Bulegoak atzo plazaratutako azterketa txostenak.
UNODCek aurreikusten du opioaren ekoizketa ugalduko dela Afganistango 34 probintzietatik15ean, batik-bat talibanen gerrilla islamista indartsu dagoen Helmand eta Kandaharko probintzietan, Afganistan hegoaldean. «Batak eta besteak zerikusia daukate» adierazi zuen atzo ONUDCeko zuzendari Antonio Maria Costak txostena aurkeztearekin batera. Eta gatazkak eragin zuzena duela azaldu zuen: «Egoera hau lotuta dago eskualde baten kontrol gabeziari; Afganistan hegoaldea ez dute kontrolatzen, ez Kabulgo gobernuak ez nazioarteko koalizioak».
NATOk 25 zibil hil ditu azken bi egunetan Afganistanen, eta Gobernuak ikerketa agindu du
Nazioarteko koalizio tropek bi eraso egin dituzte; bat lehergailuekin etxe baten aurka, eta bestea tiroka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu