NATOk Afganistango misioa diruz laguntzeko eskatu die aliatuei

Rasmussenek beharrezkotzat jo du nazioarteko tropak herrialdetik atera eta gero egonkortasuna bermatzeko inbertsioaPolemika piztu dute AEBetako soldaduek hildako taliban batekin ateratako argazkiek

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
«Orain arte izandako lorpenak mantentzen ditugula bermatu behar dugu», esan du Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Bruselan, aliantzako Atzerri eta Defentsa ministroak Afganistani buruz egiten ari diren bileran. Horretarako, Afganistango misioa diruz laguntzeko eskatu die, «nazioarteko tropakerretiratu eta gero ere herrialdean egonkortasuna bermatzeko». Rasmussenek ohartarazi die, «garai zailak» izanda ere, politikoki eta ekonomikoki erabakirik egokiena dela Afganistango armadaren eta Poliziaren finantzaketan laguntzea, eta herrialde horretan «tropak mantentzea baino merkeagoa» dela adierazi die.

2014tik aurrera Afganistandik erretiratu ondoren herrialdean izango duten eginkizuna zehazteko bildu dira Bruselan atzo eta gaur NATOko Atzerri eta Defentsa ministroak. Maiatzaren 20an eta 21ean Chicagon egitekoak diren goi bilerarako erabakiak hartu nahi dituzte, bertan Afganistango misioaren ondorengo urratsak zehaztu beharko baitituzte aliantzako gobernuburu eta estatuburuek. AEBek aurreratu dute 2014tik aurrera Afganistango indarrek urtean 4.100 milioi dolarreko laguntza beharko dutela, eta Washington ez dago prest kostu guztia bere gain hartzeko. Misioan parte hartzen duten 50 herrialdeei 1.300 milioi dolar eskatu dizkiete AEBek. Kabuli, berriz, urtean 500 milioi dolar ematea proposatu dio, eta Washingtonek gainontzekoa jarriko lukeela adierazi du. NATOren idazkari nagusiak, gainera, munduko herrialde guztiei egin die diruz laguntzeko eskaera, Afganistanen egonkortasuna nazioarteko komunitate guztiari interesatzen zaiola argudiatuta.

NATOren planaren arabera, Afganistango indarrek segurtasunaren erabateko kontrola hartu behar dute 2014rako. Hortik aurrera, aliantzako herrialde gehienak bat datoz «entrenamendu eta aholku» lanekin jarraitzearekin, baina AEBek eta Erresuma Batuak, besteak beste, eraso misioak babesteko zenbait tropa mantendu nahi dituzte, «terrorismoari» aurre egiteko, eta horretarako negoziatzen ari dira Kabulekin. Chicagoko bilera egin arte, dena den, ez da erabakirik hartzea espero.

Aurreikusitako erabakia

Herenegun Australiak iragarri zuen Afganistanen dituen tropak 2013an erretiratuko dituela; NATOren misioa amaitu baino urtebete lehenago, hain justu. Rasmussenek garrantzia kendu nahi izan dio Australiaren erabakiari, eta aliantzaren erretiratze estrategiaren barruaan emandako pausoa dela adierazi du. 2014tik aurrera ere Australiak, aliantzako herrialde guztiek bezala, Afganistanekin duen konpromisoa mantenduko duela esan du NATOko idazkari nagusiak: «Batera iristen gara, batera irteten gara». Dena den, Australia ez da estrategiak ezarritako epeetatik aldentzen lehena: Frantziak ere 2013an erretiratzeko asmoa duela iragarri du berriki.

Herrialdetik heltzen diren berriek baikortasunerako tarterik uzten ez badute ere, Rasmussenek Afganistango Poliziaren eta armadaren «gaitasuna» goraipatu du, mehatxuei modu eraginkorrean erantzuten ari direla esanda. Igandean, hain zuzen ere, 50 lagun hil zituzten gutxienez hainbat atentatutan. Rasmussenek, dena den, «konfiantza» adierazi du herrialdeko indarrekiko, eta «etsaiei» mezua igorri die: «Ezin duzue gu joateko zain egon. Gu apurka erretiratzen garen bitartean, afganiar indar handi bat ari baita afganiarrei basakeriaren aurrean babesteko ardura hartzen».

Militarren irudia, kaskartuago

AEBetako armadako soldaduen jarrerak polemika piztu du, beste behin. Los Angeles Times egunkariak militarren hainbat argazki argitaratu ditu, non ekintzaile suizida baten gorputz atalekin irribarretsu agertzen diren. Argazkiak 2010ean atera zituzten Afganistango Zabul eskualdean, eta armadak jakinarazi du ikerketa hasi duela gertakaria argitzeko.

NATOk eta Pentagonoak berehala gaitzetsi dute soldaduen jarrera. «Argazki horietan ageri den jarrera erabat arbuiatzen du Panettak», esan du Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariaren eledunak. Era berean, argazkiak argitaratu izana kritikatu du Panettak, «etsaiek» Afganistango tropen eta AEBetako soldaduen aurka indarkeria sustatzeko erabili ditzaketela argudiatuta.

Afganistanen geroz eta kaskartuago dago nazioarteko soldaduen irudia, antzerako hainbat istiluren ondorioz. Berriki soldadu estatubatuar batek hamasei zibil afganiar hil zituen tiroz. Beste militar batzuk koranak erre izanak, berriz, herritarren haserrea piztu zuen otsailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.