NATOk egitekoa amaitu du Libian

Erakundeek salatu egin dute Frantziak iaz Gaddafiren esku 88,4 milioi euroko material militarra jarri izana

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafiren gaitasun militarra suntsitzeko helburua «arrakastatsua» izan da, eta, beraz, ez dago arrazoirik orain arte NATOk Libian izan duen lanarekin jarraitzeko. Base militarrik ez du jarriko, herrialdearen defentsa hangoen ardurapean geratuko baita hemendik aurrera, Ander Fogh Rasmussen NATOren idazkari nagusiak Tripolin azaldu duenez. Aliantzaren operazioaren azken eguna baliatu du garaipenaz hitz egiteko: «Herritarren borondateari ez zaiola bizkar eman behar, mezu hori eman du NATOk Libian».

Libre utzi dute aire eremua; ez da bonbardaketa gehiagorik egongo airez, eta «zibilak babesteko» behar gehiagorik ere ez dute ikusten, nahiz eta aitortu duten milizien arteko egoera nahasia eta gatazkatsua dela oraindik. Horregatik, «Libiako arduradunek eskatzen dutenean, NATO prest egongo da laguntzeko». Oraingoz, etxera bidean jarri dira parte hartu duten militar guztiak 24:00etatik.

Zazpi hilabete pasatxo igaro dira Bengaziko atarian Frantziako hegazkinek Gaddafiren indarren hainbat tanke suntsitu zituztenetik. Nazioarteko indarrek herrialde hartan eginiko lehenbiziko erasoa izan zen hura, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpena onartu ondoren.

Libian esku hartzea ezinbestekoa zela erabaki zuten, baina paradoxikoki, lehen bonba jaurti eta Libiako Trantsiziorako Kontseiluaonartu zuen lehenak, Frantziak, iaz bertan, Gaddafiren esku 88,4 milioi eurotako material militarra utzi zuen, atzo Defentsa Ministerioko txostenarekin jakinarazi zutenez. Udaberri arabiarreko matxinadak hasi eta berehala esportazioak geldiarazi zituztela ere nabarmendu dute, giza eskubideen taldeen kritikei erantzunez. Aliantzaren barnean dauden herrialde gehienek zituzten arma eta bestelako negozioak inbasioa hasi arte.

Orain, NATOko operazioa gidatu duten herrialdeek leku pribilegiatua izango dute herrialdean, eta hango jarduera ekonomikoan, orain Gaddafirekin ez, Libiako Trantsiziorako Kontseiluarekin baizik. NATOren ustez, indarrez dagoeneko han egoteko arrazoirik ez dago, baina nazioarteko erasoa zuzendu dutenak jakitun dira erregimen berriaren oinarri ahulez, eta, hura indartzeko asmoz, 2016 ebazpena onartu du Segurtasun Kontseiluak. Kontseiluaren zilegitasuna, ordea, ez dute zalantzan jarri, ez eta haren egitasmoak ere.

Ebazpen berria

Libian azken hilabeteetan izandako «aurrerapen positiboa» nabarmendu du Rasmussenek. Horregatik, aire eremuaren debekua eta armen salmentarako bahimendua kentzeaz gain, petrolio konpainiei, bankuei eta inbertsiorako erakundeei ere ezarritako zigor guztiak kendu dizkiete. 2016 ebazpena, berriz, «mugarria» izango da trantsizioa behar bezala egiteko, alegia, xehetasun askorik eman gabe, gertutik aztertuko dituzte han hartuko diren erabakiak, aliatuen interesak bermatzeko.

Segurtasun arloan lankidetza mantenduko dute Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarekin. Libiako behin-behineko gobernuak aurrez egindako eskaera asebeteko luke lankidetza horrek, Kontseilu Nazionalaren barne posizioa indartuz, eta, bide batez, Gaddafiren aurka eratu zen nazioarteko koalizioaren interesak bermatuz. Izan ere, Mendebaldearekin harreman ona edukiko duen gobernu bat lehenbailehen errotzea da koalizioaren kezka nagusia. Libiako armada ahalik eta azkarren antolatzea ere izango dute helburu, orain gerta daitezkeen barne gatazkei aurre egiteko, batez ere.

Mendebaldea, beraz, NATO atera arren bere eragin zuzena mantentzeko formularen bat bilatzen ari da, Kontseilu Nazionala lehenbailehen indartu, eta esku hartzearen onurak jasotzeko. Onura horiek dira epe laburrera petrolioaren kontrola eta Afrikako immigrazioari mugak jartzeko elkarlana, eta, epe luzera, gerraren esfortzua murriztuz erregimenak aldatzeko eredu bat finkatuta uztea.

Kontseilu Nazionalak NATOri eskatu zion operazioa urte amaierara arte luzatzeko, behin-behineko gobernua oraindik ez dagoelako prest segurtasun nazionala bere gain hartzeko. Gaddafiren aurka egiteko sortutako herri milizia askok ez dute kontseiluaren aginte zentrala errespetatzen, eta uste dute Gaddafiren erregimenaren aldekoek erresistentzia antolatzeko arriskua dagoela. Hainbat zantzu ikusarazi dituzte dagoeneko.

Milizien arriskua

Gaddafiren aldeko milizien mehatxua nabaritzen hasia da dagoeneko. Tauarga herrian dira Misratako hainbat ekintzaile, Libiako Trantsiziorako Gobernuak jakinarazi duenez. Herri hori hutsik dago, baina harrapatzen duten guztia suntsitzen ari dira, jendea etxera itzul ez dadin, betiere kontseiluak dioenez. Ez da herri bakarra, haren arabera, eta herritarren artean izua zabaltzen ari dela ohartarazi du kontseiluak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.