NATOk gutxienez 60 taliban hil ditu Afganistan hegoaldean, erasoan

Kabulgo armadak Pakistani leporatu dio matxinatuei babesa ematea eta muga igarotzea utzi izana

Afganistango Sharana basea. Paktika hiriko segurtasunaz arduratzen da han dagoen brigada. KAREN PARRISH.
Ane Urrutikoetxea.
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
NATOk gutxienez 60 taliban hil ditu Afganistan hegoaldeko Paktika hirian. Uaziristan iparraldean dago Paktika, Pakistango mugatik oso gertu. NATOren arabera, ehun taliban inguruk Pakistango muga zeharkatu zuten atzo, eta Barmalgo (Afganistan) gune militarrari eraso egin zioten.Afganistango armadak salatu du Pakistango Gobernuak ez dituela mugak behar bezala zaintzen, eta Hakkani sare islamista babestea leporatu dio.

Paktikako Poliziaren arabera, Hakkani sareak bidali zituem erasoa egin zuten talibanak. Hakkani talde armatua Pakistanen dago finkaturik, eta azken hilabeteetan eraso gehien egin dituen taldea da. Taliban asko Pakistanen ezkutatu dira 2001ean Afganistango gerra hasi zenetik, eta bertatik Afganistango muga erasotzen hasi dira, gerra Pakistango mugetara eramanez.

Gerra hasi zutenean,AEB Amerikako Estatu Batuek milaka milioi euroko diru laguntza eskaini zioten Pakistani talibanen aurka laguntzeagatik. Orain, AEBek diru laguntza kentzearekin mehatxatu dute Pakistan, talibanei laguntza eskaini izana eta Hakkani sarea babestea leporatu ondoren.

Afganistango armadaren salaketei erantzunez, Pakistango presidente Asif Ali Zardarik adierazi du gobernua talibanen aurka «ahal duen guztia» egiten ari dela. Zardari talibanei aurka egiteko prest agertu da, eta AEBei Hakkani sarearekin amaitzeko laguntza eskaini die: «Ondo ezagutzen ditut nik talibanak; sugeak dira, eta guztien atzetik joateko asmoa daukat».

Dena den, Kabulen esanetan, Pakistango Gobernua ez da gai talibanen sarearekin amaitzeko, izan ere, Pakistango armadak ez ditu gobernuaren aginduak betetzen Afganistango arazoei dagokienean. AEB Pakistanerako Segurtasun ordezkari Michael McCaulek uste du Zardarik ez duela armada menderatzeko ahalmenik: «Zardariren hitzak egokiak dira, baina horrek ez du balio, izan ere, benetako arazoa presidentea militarrak menderatzeko gai ez izatea da». Arazo hori konpontzeko, McCaul Pakistango armadarekin hitz egiten saiatu da, baina ez du bilerarik egiterik lortu.

AEBen zigorra Pakistani

Horrez gain, McCaulek diru laguntzak kentzearekin mehatxatu du Zardari, armadak talibanei laguntzea leporatu ondoren: «Zardarik uste du AEBek betiko lagunduko diotela, baina arriskuan dago». Hala ere, McCaulen esanetan, Zardanik ez du mehatxua kontuan hartu: «Diru laguntzak kenduko genituela aipatu diodanean, AEBen laguntza eskertzen duela baina behar duena baino diru gehiago ematen diogula erantzun dit».

Gerra hasieran AEBen eta Pakistanen arteko erlazioa ona zen arren, azken urteetako gertaerek AEBen jarrera aldarazi dute. CIA AEBetako Zerbitzu Sekretuek Pakistango bi lagun hil zituzten iaz; bestalde, AEBetako armadak Osama bin Laden hil zuen maiatzean.

Erlazio horiek baretzea komeni zaie AEBei; izan ere, Washington armada Afganistanetik ateratzekoa da 2014. urtean. NATOko Afganistanerako bozeramaile Carsten Jacobsonen iritziz, urte horretarako talibanen indarra nahikoa ahultzea lortuko dute: «Talibanen indarra ahultzea lortuko dugun arren, ez dugu sarea erabat desagertarazteko ahalmenik. Lan hori Afganistanek egin beharko du».

NATOren, AEBen eta Afganistango armadaren jazarpenaren eraginez, geroz eta taliban gehiago Pakistango muga ari dira zeharkatzen bertan ezkutatzeko. Hori dela eta, NATOk Pakistanen «bakea bermatzeko» ekintza militarrak bideratu ditzake. Baina Jacobsonen arabera, soilik defentsa moduan egin ditzakete ekintzak Pakistanen: «Pakistango armada da ezkutatutako talibanak aurkitzeko ardura duen bakarra».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.