Libia

NATOk hartu du nazioarteko aliantzaren operazioen agintea

Brega bonbardatzen ari da aliantza, eta Gaddafiren aldekoek atzera egin behar izan dute gaur. Gaddafiren Atzerri ministroa Londresera joan da, eta dimisioa eman du. Dagoeneko ez duela Libia atzerrian ordezkatu nahi jakinarazi dio Erresuma Batuko Gobernuari ohar baten bidez.

2011ko martxoaren 31
19:44
Entzun

NATOk gaur goizean hartu du nazioarteko koalizioa Libian egiten ari den operazio militarren agintea. Aurrerantzean NATOren ardurapean ariko da aliantza, eta dagoeneko horren aginduetara dituzte aliantzako kideek euren indarrak.

Igandean erabaki zuen aliantzak agintea NATOri ematea. Orain arte Frantzia, Erresuma Batua eta AEBak izan dira operazio militarren buru. Azken orduetan aliantzaren bonbardaketak murriztu egin badira ere, gaur Brega bonbardatzen ari da, eta Gaddafiren aldekoek atzera egin behar izan dute horien eraginez.

Gaddafik, gainera, beste kolpe bat jaso du bart. Musa Kusa Libiako Atzerri ministroa Londresera joan zen atzo gauean, eta dimisioa emateko asmoa iragarri du Erresuma Batuko Gobernuak jakinarazi duenez. Tunisiatik iritsi da Londresera Kusa, eta dimisioa emateko erabakia "bere borondatez" hartu duela gaineratu dute.

Erresuma Batuko Atzerri Ministerioaren hitzetan, Gaddafiren erregimenaren ikurretako bat da Kusa, baina dagoeneko ez duela erregimena atzerrian ordezkatu nahi jakinarazi omen die. "Gaddafi inguratzen duten guztiei bazterrean uztera eta Libiarentzat etorkizun hobe bati haltzera deitzen diegu, trantsizio politikoa eta herritarren aldarrikapenak beteko dituzten benetako erreformak ahalbidetzeko", dio Erresuma Batuko Atzerri Ministerioak.

Kusak ihes egin zuelako zurrumurrua atzo arratsaldean sortu zen. Musa Igrahim Libiako Gobernuaren bozeramaileak, ordea, gezurtatu egin zituen esanez diplomazia lanetara joan zela Kusak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.