Libia. Gaddafiren hilketa

NATOk hilaren bukaeran amaituko du Libiako operazio militarra

Muammar Gaddafiren hilketa ikertzea beharrezkotzat jo du NBEk, ikusitako irudiak «asaldatzaileak» iruditu zaizkiolakoAuzitegi medikuak berretsi du buruan jaso zuen tiro batek hil zuela Gaddafi

mikel rodriguez
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Urriaren 31n bukatuko du NATOk Libiako operazio militarra. Anders Fogh Rasmussen aliantzako idazkari nagusiak jakinarazi duenez, data hori heldu den astean berretsiko dute, NBE Nazio Batuen Erakundearekin eta Libiako Trantsiziorako Kontseilu Nazionalarekin elkartu ondoren. Martxoaren 19an hasi zuen nazioarteko koalizioak erasoaldia, Libiako aire eremua debekatzeko eta zibilak babesteko helburuarekin, NBEren ebazpen batek hala ahalbidetuta. Muammar Gaddafiren hilketarekin, NATOk bukatuzat eman du misioa.

Gaddafirik gabeko Libiaren lehenbiziko eguna batzuen ospakizunen eta bertze batzuen zalantza artean argitu da. Duda nagusiak haren hilketaren nondik norakoek sorrarazi dituzte, Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak ez baitu eman bertsio argigarri eta bakarra. Horregatik, NBEk Libiako buruzagiaren heriotza argitzeko eskatu du. «Ikusi genuenaren arabera, uste dut beharrezkoa dela ikerketa bat egitea», adierazi du Giza Eskubideen Bulegoko bozeramaile Rupert Colvillek. Gaddafiren gorpua aztertu zuen auzitegi medikuak berretsi du buruan jasotako tiroarengatik hil zela. Hilketaren nondik-norakoekin batera, NATOk hartuko duen erabakiak sortu du galdera gehien, aliantzako hainbat kidek misioa aurki bukatuko dutela eman baitute aditzera.

«Xehetasun gehiago beharrezkoak dira jakiteko ea borroka batean hil zen edo harrapatu ondoren exekutatu zuten. Sakelakoekin egin diren bi bideoak asaldatzaileak dira», adierazi du Colvillek. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Libian egindako oinarrizko eskubideen urraketak ikertzeko batzorde bat eratu zuen duela hilabete batzuk. Colvillek «uste» du batzorde horrek ikertuko duela Gaddafiren hilketa.

Ibrahim Tika medikuak aztertu du koronelaren hilotza. «Bizirik zegoen harrapatu zutenean. Arin zauritua, baina bizirik. Ondoren bala bat jaso zuen lokian, eta kopetatik atera zitzaion; bertze bala batek urdailean eman zion, eta zauri larriak sortu», adierazi dio Al Arabija kateari.

Bertsio kontrajarriak

Hilketaren egunean bertan, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko kideek hainbat bertsio eman zituzten. Hasieran erran zuten milizianoek bizirik harrapatu zutela, baina zaurituta, eta anbulantzian Misratara zeramatenean hil zela. Mahmud Jibril kontseiluko lehen ministroak adierazi zuen, baina, Gaddafik buruan tiro bat jaso zuela milizianoek haren guardiarekin edukitako tiroketan. Argitaratu diren bideoek, ordea, zalantza sortu dute, horietan Gaddafi ahul, odolez zipriztinduta, baina bizirik agertzen baita, miliziano talde batek bultzaka daraman bitartean.

Kontseiluko iturriek atzo jakinarazi zutenez, Aisha Gaddafi koronelaren alabak aitari deitu zion hura hil ondoren. Hil zutenean Gaddafik satelite bidezko telefono bat zeraman gainean, eta miliziano batek deiaren hotsa aditzean hartu egin zuen. «Solas egin zuenak Aishatzat aurkeztu zuen bere burua, eta aitarekin paratzeko eskatu zuen», adierazi diote kontseiluko eledunek Efe agentziari. «Aitaren guardia batekin solasean ari zela uste zuen, baina milizianoak orduan Gaddafiren heriotzaren berri eman zion, eta komunikazioa moztu egin zen». Aisha Gaddafik Misratako kontseilu militarreko kideei deitu zien ondoren, hilotzarekin zer egin behar zuten jakiteko, baina haiek ez zioten argibiderik eman.

Hain zuzen, Gaddafiren gorpuarekin zer eginen duen ez du argitu Kontseilu Nazionalak. Sekretupeko hileta bat egiteko asmoa agertu zuen erakundeak, baina horren inguruan ere adierazpen kontraerrankorrak egin zituen. Mohamed Essaje eledunak adierazi zuen atzo bertan lurperatuko zutela, eta ez «bihar [gaur]». Ali Tarhuni Petrolio ministroak, ordea, hagitz bertzelako asmoen berri eman zuen: «Egun batzuetan gorpua hozkailuan mantentzeko agindu dut, denek ziur izateko hilda dagoela». Horrek tradizio islamikoa hautsiko luke, gorpua egun baten buruan lurperatzea agintzen baitu.

Gaddafiren hilotza aztertu duen mediku berak Mutassim semearena ere behatu du. Tika auzitegi medikuaren arabera, Mutassim Gaddafik bala zauriak zituen bizkarrean, besoetan eta lepoan. Azken zauri hori arma astun batek egindakoa dela dio Tikak. Al Arabijak Mutassim harrapatu zuteneko irudiak argitaratu zituen atzo, eta horietan koronelaren semea zaurituta baina bizirik ageri da. Aitaren agintaldian Segurtasun Nazionalerako arduraduna izan zen, eta, Kontseilu Nazionalaren arabera, Surteko defentsaren arduraduna zen.

Gaddafiren zortzi seme-alabatatik hiru hil dituzte gerran—bertze alaba bat AEBek hil zuten 1986an—. Agintean aitaren oinordeko zena, berriz, Seif al Islam Gaddafi, atzo atxilotu zuten Kontseilu Nazionaleko indarrek, Zlitenen, Tripolitik gertu. Txautx Ali milizianoburuak azaldu duenez, Seif al Islam sabelean zaurituta dago, eta ospitalean dute atxilo. Haren egoeraren inguruan ere aski mezu kontraerrankorrak eman ditu Kontseilu Nazionalak azken 48 orduetan. Herenegun hasiera batean erran zuen hilda zegoela, eta, ondoren, izterrean zaurituta preso hartu zutela. Atzo, atxiloketa iragarri baino lehen, Seif al Islamek Nigerrera ihes egin zuela zioten herrialde arabiarretako hedabideek.

NATOren erasoak, amaitzear

NATOren jokabideak ere zeresana eman du. Ustez Gaddafi Surtetik ihesean zeraman konboiari eraso egin zioten hegazkinek, baina aliantzak ohar baten bidez adierazi du ez zekiela koronela han zihoala eta konboiari eraso egin ziola «zibilak babesteko», ibilgailuak armaz hornituta zihoazelako. Hainbat ibilgailu suntsitu ondoren kontseiluko milizianoek Gaddafi harrapatu zutela dio NATOk.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.