Kosovo eta Serbia arteko mugan liskar gogorrak izan dira azken egunetan, eta horiek amaitzeko asmoz KFOReko indarrek hartu dute hango bi postu nagusien kontrola —NATOk Kosovon duen misioa da KFOR—. Indarkeria «onartezina» dela adierazi du NATOko bozeramaile Carmen Romerok. EB Europako Batasunak ere azken gertakariak gaitzetsi ditu. «Belgradek eta Pristinak liskarrak amaitu eta lasaitasuna eta segurtasuna berrezartzeko erantzukizuna dute», adierazi du EBko Atzerri Politikarako goi ordezkari Catherine Ashtonek. EBk Eulex izeneko misioa du Kosovon. Polizia indarrek eta justizia arloko adituek osatzen dute. Liskarretan Kosovoko polizia bat hil zen, eta mugako postu bati su eman zion serbiar talde batek. Atzo egoera bare zegoela adierazi zuen KFOReko komandanteak.
Tentsioa iragan astean hasi zen indartzen, Kosovok Serbiako produktuak sartzea debekatu baitzuen, aurrez Belgradek debeku berbera ezarri baitzion Pristinari. Hala ere, neurriak ia ez zuen eraginik izan, Kosovo iparraldean serbiarrak baitira nagusi —herrialde osoa kontuan hartuta, %7 inguru dira—. Estatuak presentzia eskasa du han, eta serbiarrak Belgradi begira bizi dira. Muga zaintzen duten poliziak ere Kosovoko serbiarrak dira, eta agintariek horiei egotzi diete debekuari muzin egitea.
Polizia operazio polemikoa
Agindua betearazteko asmoz, iragan asteartean Poliziaren unitate bereziak bidali zituzten agintariek Jarinjeko eta Brnjakeko mugako postuen kontrola hartzera. Horietako talde bati, ordea, eraso egin zioten serbiar milizianoek, eta polizia bat hil zuten. Liskarrek herenegun jarraitu zuten, eta serbiarrek su eman zioten Jarinjeko postuari. AEBek eta EBk Kosovoko Poliziaren operazioa kritikatu zuten, baina Hashim Thaci lehen ministroak horren beharra aldarrikatu zuen. «Ezin dugu utzi geure lurraldearen zati bat zulo beltz bat bilakatu dadin».
Nazioarteko indarrekin akordioa egin ondoren, baina, Poliziaren unitate bereziek muga utzi dute. Jarinjen eta Brnjaken KFOReko indarrek erabateko kontrola hartu dute, mugako Poliziaren jarduna ordezkatuz. Erhard Buhler nazioarteko indarren komandanteak adierazi du egoera «kontrolpean» dutela, eta jakinarazi du Jarinjeko sutearen ondorioz inor ez zela zauritu. Buhlerrek azaldu duenez, Serbiatik heldu diren kamioiei ez zaie utziko muga pasatzen, eta autoak arakatu eginen dituzte, «armak edo debekatutako gaiak» ez daramatzatela ziurtatzeko.
Azken liskar hori aspaldiko larriena izan da. EBko Atzerri Politikarako goi ordezkari Ashtonek «alde bakarreko» neurririk ez hartzeko deia egin du, zuzenean aipatu ez arren, gehienbat Pristinari zuzenduz, poliziak bidali zituelako. Serbiako presidente Boris Tadicek Jarinjeko erasoa gaitzetsi du, eta bakerako deia egin du. Erasotzaileei «hooligan» deitu die, gainera. Hala ere, Belgradek gogor kritikatu du Pristinaren jarrera. Kosovorako Serbiako estatu idazkari Oliver Ivanovicek adierazi du polizia operazioa «keinu ulertezina» izan dela.
Kosovoko indarrek, ordea, babesa agertu diote gobernuari. Parlamentuak gaia aztertzeko ez ohiko bilkura egin zuen atzo. Bukaeran ebazpen bat onartu zuten, gobernuak herrialde osoan «legea eta ordena» ezartzeko eskubidea eta betebeharra duela aldarrikatuz. Nazioarteko indarrei ere xede horretan laguntzeko eskatu zieten. 120 parlamentarietatik 89k onartu zuten testua, eta zortzik aurka bozkatu zuten.
Neurri gogorragoak eske
Ismet Beqiri LDK Kosovoko Liga Demokratikoko kideak serbiarren «talde kriminalak» egin ditu erasoen erantzule, eta Belgradi leporatu dio horiek laguntzea. Kosovoko bigarren indarra da LDK. Hirugarren indarrak, berriz, Vetevendosjek (Autodeterminazioa), neurri gogorragoak exijitu ditu. Bertzeak bertze, larrialdi egoera ezartzea. Albaniar guztiak batzea aldarrikatzen du talde horrek, eta Kosovo NATOren eta EBren «kolonia» dela dio.
Gerraren ondoren (1999) Serbiak Kosovorekiko kontrola galdu zuenetik, muga behin baino gehiagotan izan dira liskarrak mugan. Larrienetakoak 2008an izan ziren, Kosovok independentzia aldarrikatu eta egun gutxira. NATOk muga itxi zuen, eta horren aurka altxatu ziren serbiarrak. Buldozerrekin eta lehergailuekin mugako postuak suntsitu zituzten.
NATOk Kosovo eta Serbia arteko mugaren kontrola hartu du
Egunotan istilu larriak izan dira Poliziaren eta serbiar taldeen artean; polizia bat hil dute, eta mugako postu bati su eman dioteEuropako Batasunak «alde bakarreko» neurririk ez hartzeko deia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu