NATOk mehatxu zuzena egin dio Muammar Gaddafiren erregimenari. Libiako populazioaren aurkako «eraso sistematikoak» gelditu ezean nazioartea ez dela «begira geratuko» erran du Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak. Hala ere, zehaztu du aliantzak ez duela operazio militarrik eginen oraingoz, eta, izatekotan, NBE Nazio Batuen Erakundearen agindupean eginen dutela. Borrokei dagokienez, Gaddafiren indarrek kontraeraso gogorra hasi dute, eta ekialdean Ras Lanuf hiria berriz ere jomuga dute.
«Gure militarrei eskatu diegu beharrezko planifikazioa egin dezatela, edozein ustekaberen aitzinean prest egoteko», azaldu du Rasmussenek. Idazkari nagusiaren ustez, litekeena da Gaddafiren erregimena «gizateriaren aurkako krimenak» egiten aritzea. «Jende anitzek mundu guztian hauxe errateko tentazioa edukiko du: egin dezagun zerbait sarraski hau geldiarazteko». NATOren operazioak, baina, NBErekin «bat» eginen dituztela nabarmendu du Rasmussenek.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak ere jakinarazi du militarki esku hartzeko aukera aztertzen ari dela NATO. Gaddafiren aldekoei ere mehatxu egin die Obamak. «Han oraindik ere gerta litezkeen indarkeria ekintzengatik erantzun beharko dute».
Esku hartzeko aipatu den aukeretako bat aire eremua ixtearena izan da. NATOko idazkari nagusiaren ustez, auzi «korapilatsua» da hori, eta hori gauzatzeko eskaririk ez dutela jaso jakinarazi du. Aukera hori, ordea, gero eta indar gehiago hartzen ari da. Bertzeak bertze, Arabiar Ligak ontzat jo du Libiako aire eremua debekatzea. Frantziako Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez, Arabiar Ligako buru Amro Musak neurri horren alde dagoela azaldu dio Parisi. Aire eremua debekatzeko, Frantziak uste du Arabiar Ligaren eta NBEren Segurtasun Kontseiluaren sostengua beharrezkoa dela. Azken horretan, aire eremua debekatzeko proiektua egiten ari dira Frantzia eta Erresuma Batua.
Italiako Atzerri ministro Franco Frattiniren ustez, Libiako «gerra zibila» azkar gelditzeko era bakarra «gerra egitea» da. Aire eremua ixteko aukeran Italiak egin dezakeen «ekarpena» aztertzen ari direla jakinarazi du.
EB Europako Batasunak, berriz, Gaddafiren eta haren ingurukoen aurkako zigorrak gogortuko ditu. Bertzeak bertze, LIA Libiako Inbertsio Agintearen aurkako neurriak hartu ditu, erakunde horrek Europan dituen ondasunak blokeatzeko.
Ras Lanuf, bi aldeen muga
Gerraren egoerari dagokionez, iturri gehienek berretsi dute Gaddafiren indarren aurrerapausoa. Asteburuan oposizioa Gaddafiren jaioterri Surtera hurbiltzen hasia zen ekialdetik. Lurretik eta airetik egindako kontraeraso azkar eta eraginkorrarekin, ordea, erregimenak berriz ere estu hartu du Ras Lanuf hiria (Tripolitik 700 kilometro ekialdera).
Alde batetik, Gaddafiren indarrek Ben Jauad herria hartu dute (Ras Lanufetik 50 kilometro mendebaldera), eta, horren ondorioz, oposizioko milizianoak Ras Lanufera erretiratu dira. Bertzalde, Gaddafiren abiazioak Ras Lanuf eta Ajdabija bonbardatu ditu. Borroka eta eraso horietan zenbat lagun hil diren ez dago argi. Gaddafik berak erran du ehun miliziano hil dituztela bere indarrek. Al Jazeerak dio Bregako ospitaletik jakinarazi dutela borroketan gutxienez zortzi lagun hil direla. Iturri berberaren arabera, min hartutako miliziano gehienak euren armekin zauritu dira, esperientzia militarrik ez dutelako.
Mendebaldean, berriz, are larriago dago oposizioa. Az Zauia eta Misrata dira kontrolpean dituen hiri nagusiak, baina setio egoeran dago bietan. Az Zauian, Tripolitik 40 kilometro mendebaldera, egunak daramatzate inguratuta, eta janari eskasia pairatzen hasi dira. Misratan, Tripolitik 200 kilometro ekialdera, gutxienez 23 lagun hil dira borroketan, ospitaleetako iturrien arabera. Oposizioak dio tankeen sarraldi bat gibelera botatzea lortu duela; Gaddafik, ordea, «zibilen heriotzak saihesteko» erretiratu direla adierazi du.
Arlo militarrean, beraz, indar erakustaldia egin du erregimenak. Hala ere, Shark al Asuat egunkariak argitaratu du Gaddafi boterea uzteko negoziatzen ari dela oposizioko Batzar Nazionalarekin, koronelaren eta haren sendiaren segurtasuna bermatzearen truke. Shark al Asuat arabieraz idazten da, eta Londresen argitaratzen da.
Protestak herrialde arabiarretan
NATOk Libian esku hartzeko mehatxu egin dio Gaddafiri
NBEren baimenarekin soilik sartuko dela zehaztu du NATOk; zibilen aurkako «eraso sistematikoak» salatu ditu erakundeakEkialdean oposizioaren erasoaldia gelditu du erregimenak, eta kontraerasora jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu