Proposamenak ISAFeko tropa berriak Afganistango hiri nagusietan hedatzea aurreikusten du, hala nola, Heraten, Kandaharren, Kunduzen eta Mazar-e-Sharifen. Egun, ISAF Kabulen soilik dago hedatuta. ISAF NATOren kontrolpean utzi zuten abuztuan Alemaniak eta Herbehereek. Hedapenarekin, «ISAF uharteak» eratu nahi dituzte, hiri handietan segurtasuna bermatze aldera. Eremu horietan jadanik lanean diren Berreraikuntzarako Probintzia Taldeei lagunduko liekete.Bestalde, indar okupatzaileen bozeramaile batek atzo jakinarazi zuenez, herenegun ustezko ekintzaile talibanek AEBetako soldaduekin izandako borroketan estatubatuar bat hil eta beste bi zauritu zituzten. Halaber, bi taliban hil ziren. Borrokak Pakistango mugatik hurbil gertatu ziren, AEBek gidatzen duten koalizioak duen Shkingo basetik gertu. Eskualdean borrokaldi franko izan dira azkenaldian.Azken hilabeteotan ekintzaile talibanek erasoak nabarmen areagotu dituzte. Islamisten berragertzeak egonkortasun gutxi zuen herrialdea areago jarri du kolokan, eta kezka anitz eragin ditu Hamid Karzai presidentearen gobernuan eta AEBetako Armadan. Erasoak ez dituzte soilik okupazio indarren aurka egin; aitzitik, Afganistango Armadako soldaduak, poliziakideak eta giza laguntzarako erakundeetako langileak dituzte jomuga. Horietako askok herrialdea utzi dute.Datorren ostiralean AEBetako Estatu idazkariorde Richard Armitage Kabulera iristekoa da, Washingtonen abiatutako terrorismoaren kontrako gerra Kabulgo agintariekin eztabaidatzeko.
Ikastetxeei su eman diete
Herenegun Balj probintziako eledun militar batek jakinarazi zuenez, neskatilentzako bi ikastetxe suntsitu zituzten, ustez ekintzaile talibanek, astelehen goizaldean, Sharar Bolak eremuan. Eraikinei su emanda suntsitu zituztela jakinarazi zuen iturri militarrak.
Joan den larunbatean Nangarhar probintzian (ekialdean) beste eskola bat erre zuten, eta irailaren hasieran Kabuldik gertu beste bat. Azken egunotan talibanek esku-orriak banatu dituzte eskualdeko, familiei dei eginez neskatilak eskolara ez ditzatela bidal.
-
BERRANTOLAKETA
'Loya Jirga', abenduan, eguna zehaztu gabe
Hasi berria den hil honetarako aurreikusita zegoen Loya Jirga edo Asanblea Handiaren bilkura ez da egingo hasieran eman zuten datan, irailaren hasieran Afganistango presidente Hamid Karzaik hala erabakita. Bilkura bi hilabete atzeratzea ebatzi zuen. Itxura batean, konstituzio berria egiten ari den batzordeari herritarren ekarpenak jasotzeko denbora gehiago ematea zuen helburu atzerapenak. Batzordeak berak hala eskatu zion Karzairi. Konstituzioaren azken zirriborroa hil honetan eztabaidatzekoa zen Loya Jirga, baina presidenteak abenduaren erdirako-edo gibelatu zuen data, baina eguna zehazki finkatu gabe.
Erabakiak kezkak eragin zituen hainbatengan, atzerapenak 2004ko ekainerako aurreikusitako hauteskunde orokorren data eta prestakuntza ere atzeratzea ekar dezakeen beldur. Altabada, presidentearen eledun Jauid Luddinek segurtatu zuen Karzairen erabakiak ez diola eragingo bozen datari: «Hauteskundeak Loya Jirga bildu eta sei hilabetera egingo dira». Loya Jirga-n 500 ordezkari biltzekoak dira, gehienak tokian tokiko ordezkariek hautatutakoak.Nolanahi ere, Konstituzioa idazten ari den batzordean ezadostasun eta tirabira ugari daude, batez ere kontserbadoreen eta liberalen artean. Lehenengoek Konstituzioa Sharia-n (lege islamikoa) oinarritzea nahi dute, eta bigarrenek, berriz, kutsu laikoa eman nahi diote.2001eko abenduan Bonnen (Alemania) Afganistango berreraikuntza ardatz zuen bilkura batean erabaki zuten 2003 bukatu aitzin konstituzio berri bat egitea eta 2004an hauteskunde orokorrak.