Siriako presidente Bashar al Assad ez dago nazioarteak Sirian esku hartzea onartzeko prest, Libian NATOk egin duen bezala, eta Ahmad Davutoglu Turkiako Atzerri ministroari esan dio hori gertatzen bada, misilekin eraso egingo diola Israeli. FARS Irango albiste agentziak eman du bien arteko bileraren berri, baina bilera noiz egin zen ez du esan albiste agentziak.
Sei orduko eraso plan baten berri eman dio Al Assade. Lehen fasean Golango Gainetara "ehunka" misil botatzeko prest dago Siria, eta horretarako Libanoko Hezbola milizien laguntza ere izango lukela esan du Al Assadek. Bigarren fasean Pertsikoko Golkoan AEBetako itsasontziak eta Europako interesak erasoko lituzke Siriak, Iranen laguntzarekin
Bitartean, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Al Assaden aurkako erresoluzio saioak porrot egin du berriro ere. Presidenteak herritarren aurka egin dituen erasoak gaitzestea izango luke helburu, baina oraingoan Errusiak eta Txinak beto eskubidea erabili dute erresoluzioaren zirriborroari. Iranekin batera, bi horiek dira Siriaren aliatu nagusiak.
Martxoan hasi ziren protestak Sirian, eta harrezkero milaka herritarrek demokrazia eta Al Assaden dimisioa eskatu dute etengabe. Presidenteak, ordea, indarkeriarekin erantzun du, eta armadak hartu ditukaleak. Giza eskubideen erakundeen arabera, sei hilabete hauetan 2.700 zibiletik gora hil dira Sirian.