NATOko lau soldadu tiroz hil dituzte gaur Afganistanen. Ez dute zehaztu non gertatu den erasoa, baina adierazi dute ustezko erasotzailea atxilotu dutela.
Hildakoak soldadu frantsesak ziren. Ondorioz, Frantziak adierazi du bere tropak denbora baino lehen ateratzeko asmoa duela segurtasun egoera bermatzen ez bada. Abenduan, Frantziako bi soldadu hil zituzten antzeko eraso batean. Egun, Frantziako 4.000 soldadu daude Afganistanen, eta beste bi urtez geratzekoak dira, betiere kopurua pixkanaka gutxituz.
Gaurko erasoa kontatuta, hamar dira jada azkeneko orduetan Afganistanen hil dituzten NATOko soldaduak; atzo arratsaldean, sei soldadu hil ziren, erasotako nazioarteko helikoptero batek lurra jota.
Gertakariaren ardura bere gain hartu zuen Muhammad Yusuf Ahmadi talibanen bozeramaileak.