Datorren udazkenean SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak egingo duen urteroko batzarra ez da aurrekoak bezain lasaia izango. Uztailaren erdialdean alderdiko buruzagitzak NATOrekiko iragarritako jarrera aldaketak, 2004an Alex Salmondek SNPko gidaritza berreskuratu zuenetik sortu den eztabaida handiena eragin du alderdi nazionalista barruan. Nuklearren kontrako diskurtsoari eutsi dio SNPk azken hiru hamarkadetan, baina orain, independentzia lortuz gero, NATOko kide izatea proposatu du Angus Robertson SNPren Westminsterreko lider eta alderdiko Defentsa gaietarako bozeramaileak. Salmondek, gainera, babestu egin du Robertsonen proposamena.
180 gradutako aldaketa da alderdiaren diskurtsoan, eta denak ez daude ados. SNPko hamabi legebiltzarkidek jada aurreratu dute ez dutela Robertsonen proposamena babestuko. SNP Youth alderdiko gazteen erakundeak ere kontrako botoa iragarri du. «Alderdiaren adar gazteak arma nuklearren aurkako historia sendo eta harrotasunez betea dauka», adierazi du David Linden SNP Youth-eko koordinatzaileak.
Erresuma Batuko Trident programako arma nuklearrak Eskoziako Clydeko base militarrean daude gordeta. Horiek kanporatzea eskatzen du SNPk, nuklearrik bako herrialde bihurtzeko. Areago, Robertsonen proposamenak ere arma nuklearrak Clydetik kanporatzea aurreikusten du.
Kontraesana
Nazionalista askok eta unionista askok, ordea, SNPren kontraesana nabarmendu dute, nuklearren kontra egon arren NATOren babes nuklearra onartzeagatik. «Arma nuklearrak existitzen diren artean, NATO aliantza nuklearra izango da», gogoratu dio George Robertson NATOko idazkari nagusi ohi eta Erresuma Batuko Defentsa idazkariak Salmondi. «Badirudi hauteskunde-jarrera pozoitsu bat hartu nahi dutela, inork letra txikia irakurriko ez duelakoan».
SNPko kide askok uste du jarrera horrek independentziaren aldeko kanpaina zikindu dezakeela, herritar askorentzat arma nuklearrak eta NATO gauza bera direlako. Hain zuzen ere, defentsa arloan SNPren proposamen antinuklearrak sinesgarritasunik ez duela kritikatu izan diote gainontzeko alderdiek, eta galdeketara begira defentsa politika sinesgarriagoa aurkezteko asmoarekin egin du biraketa Salmondek. Ikusteko dago alderdian zein galdeketan izan dezakeen eragina.
NATOrekiko jarrera aldaketak eztabaida handia piztu du SNPn
Alderdiaren udazkeneko batzarrean Aliantza Atlantikoan sartzearen kontra bozkatuko dute gazteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu