NATOren aurkako protestak Afganistango hiri nagusietara hedatu dira

AEBetako soldaduek Koranaren aleak erre dituztela-eta izandako manifestazioetan gutxienez sei lagun hil ditu PoliziakISAFek erran du arduragabekeria egon dela ebatziz gero errudunak zigortuko dituela

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
AEBetako soldaduek Afganistanen Koranaren aleak erre zituztela-eta Leon Panetta Defentsa idazkariak herenegun egindako barkamen eskaerak ez du eragin handirik izan, eta protestak herrialdeko hiri nagusietara hedatu dira. Hainbat eremutan, gainera, Polizia gogor oldartu zaie manifestariei, eta gutxienez sei lagun hil ditu tiroz. AEBek Kabulen duten enbaxada itxi dute, protesten beldur, eta bertako langileen desplazamenduak bertan behera utzi dituzte. Talibanek, berriz, atzerriko tropen aurka tiro egiteko eskatu diete Afganistango soldaduei eta poliziei. Iaz ere antzeko istiluak lehertu ziren Afganistanen, AEBetan kristau fundamentalistek koran bat erre zutelako. Orduan hogei lagun inguru hil zituzten, tartean NBE Nazio Batuen Erakundeko zazpi langile.

Erretako Koran aleak Bagramgo aire baseko zakarrontzietan aurkitu zituzten langile afganiar batzuek. Ekialdeko Parwan probintzian dago Bagram, Kabuldik gertu. Hain zuzen, eskualde horretako Shinwari barrutian gertatu ziren atzo liskarrik gogorrenak; gutxienez lau lagun hil zituzten poliziek, baina bertze iturri batzuek sei izan direla erran dute. Roshna Jalid probintziako gobernuko bozeramailearen arabera, 300 lagun inguruk parte hartu zuten Shinwariko protestetan. Jalalabad ekialdeko hirian manifestari bat hil zuen Poliziak, eta Kabulen beste bat. Hiriburuan negar gasa eta ur txorrotadak jaurti zizkion Poliziak AEBen Camp Phoenix base militarrari harrika oldartu zitzaion jendetzari. Mendebaldeko Herat hirian ere istiluak izan ziren.

Gertakariak krisi larria sortu du herrialdean, baina oraindik ikusteko dago zenbateraino luzatuko den egoera. Afganistango parlamentariek ohar baten bidez gaitzetsi egin dute Korana erre izana, eta erantzuleak zigortzeko eskatu dute; halaber, gobernuari galdegin diote ikerlari talde bat bidaltzea Bagramera. ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrak —NATOk Afganistanen duen misioak— erantzun du «azkeneraino» ikertuko duela gertatutakoa, eta ziurtatu du «ondorio legalak» egonen direla Korana erre dutenek arduragabekeriaz jokatu dutela ebatziz gero.

Farhad Raza Kabulgo herritarrak Erresuma Batuko BBC kateari adierazi dionez, atzerriko tropek islamaren aurka egindako keinuek gerra luza dezakete. «Horrelako ekintzek arrakala bat sortzen dute afganiarren eta NATOko indarren artean, eta herriak NATO gorrotatzea dakarte. Horrek gerra hau dagoeneko denbaino luzeagoa bihurtuko du».

Iaztik, nazioarteko tropek egindako zenbait gehiegikeria argitaratu dira, eta horrek protesta bortitzak eragin ditu Afganistanen; adibidez, hainbat soldadu estatubatuarrek «dibertitzeko» hildako zibilen kasuak, edo lau marine-k euren burua borrokan hildako talibanen gorpuei pixa egiten grabatu izanak.

Talibanek Poliziako eta armadako kideei egindako eskaerak izanen duen erantzuna ere ikusteko dago. Izan ere, 2007tik honat Afganistango estatuko indarretako kideek nazioarteko indarretako 60 soldadutik goiti hil dituzte. ISAFek talibanen infiltratuei egotzi dizkie eraso horiek; AEBetako armadako goi ofizial batek, ordea, balorazio horiek errealitatea desitxuratzen dutela adierazi zuen iaz txosten batean. Haren arabera, bertako eta atzerriko soldaduen arteko jarrera eta kultura ezberdintasuna dago erasoen jatorrian.

Georgiako hiru soldadu, hilik

ISAFeko hildako azken hiru soldaduak Georgiakoak dira, hango gobernuak jakinarazi duenez. Herenegun arratsean hil zituzten, bonba bat leherrarazita. Georgiak 925 soldadu ditu Afganistanen, eta, 2014an nazioarteko tropak alde egitekoak diren arren, Tbilisi 700 gehiago eramatekotan dago. Aurten ISAFeko 54 soldadu hil dira, hau da, batez bertze egunean bat. Iaz 566 soldadu galdu zituen koalizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.