Libia. Gaddafiren ondorena

«NATOren sarraski handiena»

Hiru hilabete igaro arren, argitzeke daude oraindik Majer herriaren gaineko bonbardaketaren zergatia eta ondorioak. BERRIAk Libiako gerrako kraterrik ilunenetako bat bisitatu du.

Ali Ahmed bere etxea izan zenaren alboan, Majerren. KARLOS ZURUTUZA / EFE.
Majer
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Hil kapera batean dago Ali Ahmed. Etxea zuenaren hondakinen artean, 35 erretratu zintzilik. Gela txikia eta itogarria da, areago 35 hildakoen begiradapean. Haien zapatak, etxeko tresnak eta baloi bat ageri dira oraindik inguruan. Eta, antza, norbait Hemingwayren Agurea eta itsasoa irakurtzen ari zen.

Iragan abuztura arte, datilen zuku gozoagatik izan ohi zen ezaguna Majer herria. Egun, haren izena sarraski bati lotuta dago, estu: «Gaueko hamaiketan gertatu zen, bat-batean», dio Ahmedek, Anan bere arrebaren erretratua seinalatu ondoren. Dioenez, bi bonbak etxea suntsitu zieten orduan. Hamalau lagun hil ziren etxe horretan —haietatik bost umeak— , eta askoz ere gehiago larri zauritu. Ahmedek zortea izan zuen, lehen solairuko gela horretantxe baitzegoen lo.

«Hiru familia ginen etxean: ahmedtarrak, Bengaziko beste bat, eta gurea», gogoratu du Ajed Ahmidek. Gizonak bere arreba Salima galdu zuen, eta hildako bost umeetatik hiru ilobak zituen. «Ba al dakizu dagoeneko zergatik bonbardatu zuen NATOk gure etxea?», galdetu du gazteak. Ez da galdera erretorikoa, inondik ere.Ahimedek benetako jakingura du.

NATOk gau hartan suntsitutako lau etxeetatik bi hutsik zeuden. Nolanahi ere, hasierako hamalau biktima haiei beste 21 gehitu zitzaizkien. Muhammed Ali Jarud hutsik ez zegoen etxe batean zegoen: «Lehendabiziko eztanda 23:00ak jota jasan genuen. Gaueko ordu batean jende asko bertaratu zen gorpuak jasotzen laguntzera, baina beste bonba bat erori zen orduan». Ali Jarudek ama galdu zuen bonbardaketa hartan, baita arreba, haren senarra eta haien zortzi eguneko semea ere.

«Iftar [Ramadanaren eguneko baraua hausten duen afaria] ospatzeko elkartu ginen», gogoratu du 26 urteko gazteak. Egun gogor ari da lanean beste hiru lagunekin etxe bat egokitzeko. Negua iritsi baino lehen horra joan nahi du bizitzera bere familiarekin, gelditzen direnekin. «Majerren asko laguntzen diogu elkarri; ezinezkoa litzateke bestela bizirik irautea sasoi gogor hauetan». Milizianoen bistatik at geundela baino ez du gurekin hitz egin nahi izan.

«Miliziekin arazo asko dauzkagu, eta ez dugu nahi atzerriko kazetariekin gu ikustea». Gaztearen kezka ez da, inondik ere, gehiegizkoa. Antza, atxiloketa arbitrarioak eguneroko ogia dira Gaddafiren kontrolpeko azken herrietan. Bani Ualid, Tauarga eta Surteko bizilagunek, esaterako, setio bortitzei aurre egin behar izan zieten, eta, egun, jazarpena dute amesgaizto.

Gezur kateak

Ziurrenik, ez da inoiz jakingo Majerren zer gertatu den. Salbuespenak salbuespen, tragediak jotako familien isiltasuna baino handiagoa izan da nazioarteko kazeta medioena. Bestalde, gertatutakoa ezin irudikatu Libiako gobernu ohiak batetik eta NATOk bestetik igorritako informazioarekin. Egia bakarra zera da: norbait gezurretan ari dela, edo denak.

Azaroaren 9ko goizean, orduko gobernu bozeramaile Musa Ibrahim kazetarien ordezkaritza batekin joan zen Majerrera. Orduko datu ofizialen arabera, 85 hildako zeuden, haietatik 33 umeak.

Berriemaileek 30 hilotz ikusi zituzten hango gorputegian. Beste 50 beste hainbat tokitara eraman omen zituzten, familiek lurpera zitzaten. Era berean, zauritu gehienak Tripolira eraman zituztela zioen Ibrahimek. Bozeramailearen hitzetan, eraso hark «Zlitan hiriaren ateak irekitzea zuen helburu, handik Tripolirantz gerturatu ahal izateko gero». Gobernu ohiaren bozeramaileak «NATOren sarraskirik handienaz» hitz egin zuen orduan.

Bertaratutako kazetariek 28 lagunen hileta ikusi ahal izan zuten, bakoitza Libiako bandera berdeaz estalirik. Lehengo bonba erori eta 48 ordura, NATOk txosten batean azaldu zuen gertatutakoa, labur: «Lau eraikin eta bederatzi ibilgailuren gaineko erasoa egin da asteleheneko 23:33etik astearteko 2:34ra».

Orduak bat datoz BERRIAk Majerren jasotako testigantzekin; ez, ordea, objektiboen deskribapena: «Bonbardatutako objektiboak ezkutuko azpiegitura militarrak ziren. Ez dago ebidentziarik hildako zibilik egon direnik», zioten NATOko bozeramaileorde Carmen Romerok eta Roland Lavoie koronelak, prentsaurreko batean. «NATOk neurri estuak hartzen ditu beti zibilak babestearren», gaineratu zuen Lavoiek.

AI Amnesty Internationalek eta Nazio Batuen Erakundeak maiz eskatu diote NATOri «balizko biktima zibilak» ikertzeko. Koalizio militarrak, baina, Afganistango protokolo berari eusten dio: akusazioak sistematikoki ukatu,eta gertatutakoaren azterketa saihestu.

Aitorpenik ez

Oraingoz, inork ez dio barkameni eskatu Milad Ibrahimi; 33 urteko gizon hori oraindik hunkitzen da anaiaren hilobia bisitatzen duen bakoitzean. Badaki Mustafa hogei metro koadroko gune horretan lurperatuta dagoela, baina ez non zehatz-mehatz. Miladek iparreko aldetik egiten du otoitz beti: «Alde honetan gizonen aztarnak lurperatu genituen, eta emakumezkoenak beste hartan. Gorpu asko ezin izan genituen identifikatu», dio Miladek, bere herria zeharkatzen duten miliziak bistatik inoiz galdu gabe.

Hiru hilabete pasatu ondoren, familientzako aitorpena —edozein izanda ere— gero eta urrunago dago. Egia da haien testigantza gordinak ezin daitezkeela frogatzat hartu, baina zera erakusten du denak Majerren, zerbait oso gaitzesgarria gertatu zela abuztuko gau hartan. Aitorpenak itxaron bitartean, premiazkoagoa dirudi familia horiek Libia berrian egun jasaten ari diren jazarpena saihestea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.