Aleksei Navalni Omskeko erietxe batean dago atzotik. Siberiatik Moskurako bidean zihoala, oposizioko kidea ondoezik sentitu zen, eta hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan. Iritsi zirenerako, konorterik gabe zegoen. Kira Iarmix prentsa arduradunak salatu zuen pozoitu egin zutela. Dena den, medikuek ziurtzat jo dute Navalni ez dela pozoitua izan. Omskeko ospitaleko mediku buru Anatoli Kalinitxenkok azaldu duenez, Navalnik «nahasmendu metabolismoa» izan zuen hegazkinean zegoela, «karbohidratoen desorekagatik. Azukrearen beherakada handia izan zuen odolean, eta horrek konorterik gabe uztea eragin zion». Horrez gain, adierazi du Navalniri egin dizkioten analisietan ez dutela pozoiaren arrastorik atzeman, ez odolean, ez gernuan. Alexander Murajovski larrialdi zerbitzuetako buruak Kalinitxenkoren adierazpena berretsi du, esanez oposizioburuari egindako proba guztiek «negatibo» eman dutela.
Artatzen ari diren medikuek baimena eman dute Navalni Alemaniara lekualdatzeko , hasieran aurka agertu arren, «arriskutsua» izan daitekeelako. Koman dago oraindik. Navalniren egoeraz arduratzen den mediku taldeko buruaren esanetan, oposizioko kidearen egoera «ezegonkorra» da. Navalniren prentsa arduradunak, ordea, salatu du Omskeko erietxean ez dutela «nahikoa baliabide» hura artatzeko, eta, ondorioz «hiltzeko arriskua» duela.
Iarmixen esanetan, atzo goizean hegazkin bat irten zen Nurembergetik Omskera, Navalni Chariteko erietxe batera eramateko asmoz. Iarmixek berak lehendik ere salatu zuen Moskuko agintariak oztopoak jartzen ari zirela oposizioko kideak herrialdetik ateratzeko.Dena den, ez da lehen aldia haren gertukoek haren kontrako hilketa saio bat salatzen dutela.