MOSKU. Aleksei Navalni Errusiako politikariari hiru urte eta erdiko kartzelaldia ezarri zion atzo Moskuko auzitegi batek, 2014an ustelkeria auzi batekin lotuta jarri zioten zigor bati hainbatetan entzungor egiteagatik. Dena dela, bi urte eta zortzi hilabete egin beharko ditu espetxean Navalnik, aurrez kartzelan igarotako denbora kendu baitio epaileak.
Fiskaltzak epaiketan defendatu zuen ez zegoela arrazoirik politikaria bere kontrako zigorra berrikusteko saioetara ez azaltzeko. Navalnik, berriz, argudiatu zuen bere betebehar legalak ezin izan zituela bete Alemanian zegoelako osatzen, koman bi aste igaro ostean. Epaiketa gobernuaren aurka egiteko ere baliatu zuen oposizioko kideak, eta berriz leporatu zion Vladimir Putini pozoitzen saiatu izana: «Geopolitikari handi bat izaten tematzen den arren, pozoitzaile handi baten moduan pasatuko da historiara».
Protestan jarraitzeko deia egin zuen politikariak, epailearen aurrean, eta esan zuen espero duela bere aurkako prozesuak ez itzaltzea mobilizazioak. Atzo 300 lagun atxilotu zituen Poliziak, Navalniren aldeko protestetan.
Navalniri hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jarri diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu