NBE Nazio Batuen Erakundeak amaitutzat eman du gaur Somaliako gosetea. Uzta onek eta jendearen laguntzak bukatu du, NBEren arabera. "Hala ere, 2,34 milioi lagunek premiazko laguntza behar dute oraindik; janaria, ur garbia, aterpea eta bestelakoak behar dituzte bizirauteko", esan du Mark Bowden NBEko Giza Laguntzako koordinatzaileak.
Ofizialki iazko uztailaren 20tik izan da Somalian gosetea —lau milioi zeuden egoera larrian—, eta oraindik ere dagoen arriskuaz ohartarazi du Bowdenek. "Lorpenak ez dira errazak izaten eta, laguntzak ez badu jarraitzen, lorpen horiek bertan behera geratuko dira".
NBEk uztailean zioenez, Somalia hegoaldean herritarren erdia gaizki elikatuta zegoen, eta 3,7 milioi pertsona krisi humanitarioan ziren; horietatik 2,8 hegoaldean. Hamar milioi pertsona egoera kritikoan zeuden, gainera, eta milioi bat haur hiltzeko arrisku handian zeuden.
Somalian krisi politiko larria dago, eta inguru hori Al Kaedak kontrolatzen du, eta iaz giza laguntza jasotzeari betoa jarri bazion ere, bizi den egoeraren ondorioz altxatu egin zuen, eta mehatxua kendu zien laguntza ematera zihoazen erakundeei.