Ondorioz, itsasikararen eraginez hildakoen kopurua 50.000 ingurukoa izango dela ari dira zabaltzen iturri batzuk. Oraindik milaka lagunek segitzen dute galduta.
Baina kalteak ez dira horretara mugatzen. NBEko iturriek agertu dutenez, milioika lagun etxebizitza gabe geratu dira eta oraindik itsasikarak harrapatutako leku askotan uholdeak eta arazo handiak dituzte, eta, gainera, bakartuta daude. Egoera horren ondorioz, gaixotasun larrien sorraldiak gerta daitezkeela uste dute NBEko arduradunek.
Dena den, NBEko larrialdietarako koordinatzaile Jan Egelandek adierazi du asteburuan Asia astindu duen tsunami edo itsasikara baino handiagoak gertatu izan direla, baina, aldiz, kalteak inoizko handienak izan direla. Egelanden arabera, hori gertatu da itsasikaretatik babestu gabeko guneetan inoiz baino jende gehiago bizi delako. "Kalteak inoizko handienak izan daitezke, babesik gabeko lekuetan inoiz baino jende gehiago bizi delako", azpimarratu du.
Itsasikara Asian
Nazio Batuek inoizko laguntza operazio handiena jarri dute abian itsasikarak kaltetuak sorosteko
Asiako itsasikarak kaltetutakoei laguntzeko inoizko operazio handiema jarri du martxan NBE Nazio Batuen Erakundeak. Izan ere, hamar estatutara eta milioika lagunengana helarazi behar du laguntza. Hildakoak 23.700 zirela zabaldu zuen atzo Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioak, baina kopuru hori etengabe doa gora. Esaterako, Indonesian 4.700 hildako zirela agertu zuten atzo, eta gaur 25.000 izango direla esan du estatu hartako presidenteordeak. Sri Lankan ere 12.000tik 14.000ra igo ditu hildakoen kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu