Nazio estatusa

2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun

77 HERRIALDEK ONARTUA



Bultzatzaileak. Jugoslaviarekiko gerraren ondoren (1999), nazioarteko indarrek Kosovoren kontrola hartu zuten. Lurraldeak teorian Belgraden menpeko probintzia izaten segitu zuen, baina de facto haren kontrolpetik at gelditu zen. Gerraren ondoren gutxiengo serbiarraren kopurua gatazkaren aitzineko laurdena baino gutxiagora murriztu zen. Gehiengo albaniarra biztanleriaren %90 inguru izatera ailegatu zen. Mendebaldeko potentzia nagusiek, AEBak buru, independentzia irtenbide bakarra zela sostengatu zuten. Serbiak ezezko borobila eman zion, baina Kosovok 2008an aldarrikatu zuen independentzia. Europako Batasuneko 27 estatuetatik 22k onartu zuten; horien artean Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak.

Ingurukoek baietz. Ondoko herriek bakarrik utzi dute Serbia, bai harekin batera Jugoslaviako Federazioko kide zirenek, bai Balkanetako gainerako herrialdeek —Greziak izan ezik—. Kosovo onartu duten herri horietako bik, Montenegrok eta Mazedoniak, gutxiengo albaniar garrantzitsua dute.

EZEZKO INDARTSUAK



Potentziak. NBEko batzarreko 38 herrialdek adierazi dute ez dutela onartuko Kosovoko Estatua. Horien guztien buru daude munduko hiru potentzia: Errusia, Txina eta India. Lehenbiziko biek Segurtasun Kontseiluan betorako eskubidea dute, gainera. Errusiak tradizioz harreman estua izan du Serbiarekin. Kosovoren aldarrikapenari erantzunez, Abkhaziaren eta Hego Osetiaren independentzia onartu zuen. Teorian Georgiaren menpe daude herri horiek, eta Mendebaldeak ez die independentzia onartzen.

EBko nukleo gogorra. Europako Batasuneko bortz estatuk ez dute onartzen Kosovo: Espainiak, Greziak, Errumaniak, Txekiak eta Eslovakiak. Horiek denek gutxiengo etnikoak dituzte mugen barnean, eta Kosovo haientzako eredu bihurtzeko beldurra daukate. Ez dira EBko herrialde garrantzitsuenak, baina haien ezetzarengatik batasunak ezin du onartu Kosovorekiko adierazpen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.