Nazioa eraberritzeko Konstituzioa bozkatuko dute bihar Bolivian

Galdeketan parte hartuko dutenen %70ek alde egingo duela uste du Moralesek, eta inkesta guztiek ere hori iragarri dute

2009ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Presidentetzan hiru urte daramatzanean, agintaldiko azterketarik gogorrenari aurre egitear da Evo Morales. Izan ere, Bolivia berreraikitzeko bidea emango liokeen Konstituzioa onartu edo atzera botatzekoak dira bihar boliviarrak. Horretarako, galdeketara deitu dituzte 3,7 milioi hiritar.

Erreferendumaren bezperan, ordea, emaitza ez dago zalantzan. Baietzak irabaziko du, itxura guztien arabera. Azken orduko inkestek diotenez, galdeketan parte hartuko dutenen%66k testu berriaren alde egingo dute. Morales presidente gisa berretsi zutenen ia ehuneko bera da hori. Iazko abuztuaren 10ean egin zuten horretarako erreferenduma, eta partehartzaileen%67,4k Moralesek agintean jarrai zezan bozkatu zuten. Gainera, adituek ohartarazi dute boliviarrek ez dutela Konstituzio berriaren edukia ezagutzen; eta, beraz, galdeketa gobernuaren jarraipenaren inguruko plebiszitua izango dela.

Dudakoa, baina, eskualde errebeldeetan gertatuko dena da. Ekialdeko bost probintziak - Santa Cruz, Beni, Pando, Tarija eta Chuquisaca -, oposizioaren gotorleku dira. Autonomistak dira, Moralesen ikuspegi indigenistaren kontrakoak. Eta haietako prefektuek -gobernadoreak - presidenteak proposatutako Konstituzioa atzera botatzeko eskatu dute kanpainan. Haietan ezetzak irabaziko balu, beraz, babesa izango lukete prefektu horiek jada iragarri dutena egiteko: eskualde autonomistetan Konstituzioa aintzat ez hartzeko. Egun bistakoa den zatiketa areagotuko luke horrek. «Nazio mailan onartzen bada, nazio mailan izango du eragina. Oso despistatuta dabiltza batzuk», adierazi du horren aurrean Alvaro Garcia Linera presidenteordeak.

Bi Bolivia

Bi Bolivia daude, beraz, herrialde bakarrean. Aspaldikoak dira haien arteko gaizki ulertuak, eta hildakoak ere eragin dituzte: 20, iazko irailean, Pandoko liskarretan. Kontu zaharra ziren jada Moralesek 2005ean presidentetza eskuratu zuenean. Gobernuburu kokaleroak gasaren ustiaketa nazionalizatzea erabaki zuenean, ordea, alarma gorria piztu zen. 2007ko maiatzeko neurri horrekin, Estatuaren irabaziak urteko 450 milioi euro izatetik 1.800 milioi izatera igaro ziren. Eta probintzia autonomistek beraien baliabideen gaineko kontrola galdu zuten. Aurrerago ere hartu ditu Moralesek haien patrikei kaltea dakarkieten erabakiak. Iazko urtarrilean, esaterako, probintzia horiei petrolioaren ustiaketatik jasotzen zutena kendu eta 60 urtetik gorako boliviarrentzat diru laguntzatarako bideratu zuen.

Konstituzioak ekonomia eredu berri hori babesten du. Baliabide naturalak Boliviako herritarrenak direla eta Estatuak kudeatu behar dituela esaten du, zehazki. Eta horixe da, hain zuzen, testua ukatzeko oposizioaren argudio nagusia. Bide beretik, proposatzen duen Estatuaren egitura ere ez dute gustuko. «Bakarra, batua», baina aldi berean «plurinazionala eta autonomietan oinarritua» izango da Bolivia, lehen artikuluaren arabera. Proposamen horrek, ordea, ez ditu askiesten ekialdeko bost probintziak.

Galdeketarako bidea luzea eta bihurria izan da. Legez kanpokotzat ere jo du oposizioak. 2006ko abuztuaren 6an osatu zuten Batzorde Konstituziogilea, eta urte eta erdiren buruan aurkeztu zuten testua. Desadostasunak medio, liskarrak izan ziren Sucre hirian. Hiru hildako eta ehunka zauritu eragin zituzten. Hala ere, 2007ko abenduaren 9an berretsi zuen Konstituziogileak testua. Oposizioko kideak ez ziren izan saio hartan. Iaz bi saio egin zituen Moralesek galdeketa deitzeko. Bietan Hauteskunde Batzorde Nazionalak ekimena geldiarazi zuen, legezko baldintzak betetzen ez zirelako. Legebiltzarrean ados jarri behar izan du azkenean Moralesek, galdeketa antolatu ahal izateko. Behin eta berriz presidentzara aurkezteko aukerari uko egin dio, besteren artean.



Lorpen ekonomikoak nabarmendu ditu Moralesek hiru urteko balantzea egitean

2006ko urtarrilaren 22an Boliviako presidentetzari heldu zionetik herrialdeak aurrera egin duela defendatu zuen herenegun Evo Moralesek. Hala, Legebiltzarrean hiru urteko agintaldiaren balantzea aurkeztean, ekonomia arloko lorpenak nabarmendu zituen. Presidente denetik Boliviako ekonomia %5,29 handitu da urtean, esportazioek ere gora egin dute, baita herrialdeko diru erreserbak ere. Horiei esker, hainbat laguntza programa martxan jarri ahal izan ditu, eta muturreko pobrezia murriztu dute. Horien artean, Juancito Pinto bonua aipatu du Moralesek. Seme-alabak eskolaratzen dituzten gurasoei ematen zaie 200 bolivianoko diru laguntza hori -22 bat euro-. Era berean, 60 urtetik gorakoei ere diruz laguntzen die.





Puntu berritzaile eta polemikoenak



1. Estatua bakarra, batua, nazio anitzetakoa, deszentralizatua eta autonomietan oinarritutakoa da. Autonomiak agintariak zuzenean aukeratzea, baliabide ekonomiko propioak kudeatzea eta probintzietako legeak zehaztea ahalbidetzen du. Lau autonomia maila daude, ordea: probintziena, eskualdekoa, udalarena eta indigena. Konstituzioak proposaturiko erregimenak ez ditu probintzia autonomistak askiesten. Eta haietako prefektuek -gobernadoreek -Konstituzioa ez dutela aintzat hartuko egin dute mehatxu.

2. Baliabide naturalak. Boliviako herritarrenak dira, eta Estatuak kudeatuko ditu interes kolektiboaren arabera. Gasa da Bolivia gehien aberasten duen baliabide naturala. Ekialdeko bost probintzietan -oposizioaren gotorlekua- da hori ugariena, horregatik da eskualde hori herrialdeko aberatsena. Moralesek presidente denetik martxan jarri duen nazionalizazio prozesuaren harira, gasa ustiatzeko eskumena Estatuarena dela zehazten du Konstituzio berriak. Ekonomia eredu berria proposatzen du, beraz.

3. Giza eskubideak. Berretsiz gero, Evo Moralesen Bolivia berriak oinarritzat izango duen testuak 51 artikulu eskaintzen dizkio boliviarren eskubideak zehazteari. Hiritarren eskubideak, kolektiboak, enpresa eskubideak, gazteenak, adinekoenak, indigenenak eta abar xehetasun osoz jasotzen ditu. Horretan oinarrituta, munduko konstituziorik aurrerakoiena dela babestu du Moralesek. Eta testua aztertu duten Europako unibertsitateek -Lovainakoa (Belgika) tartean -, hala ondorioztatu dutela jakinarazi du.

4. Katolizismoa. Indarra galduko du katolizismoak. Konstituzio berriak dio Estatuak erlijio eta sinesmen espiritualak errespetatu eta bermatzen dituela. Boliviako herritarrek Bibliaren eta Konstituzioaren artean aukeratu beharko dutela salatu du oposizioak kanpainan. Boliviako Gotzain-Konferentzia kritiko azaldu da horren guztiaren aurrean, batik bat sexu aukerari dagokionean. Izan ere, Konstituzio berriak azaltzen duenaren arabera, inor ezin daiteke bere sexu aukeragatik baztertua izan.

5. Koka. Koka orriak ere bere tokia du Konstituzio berrian. Estatuak kultura ondasun bezala eta giza-kohesio faktore bezala babestu beharko du. Artikulu batek koka orria bere egoera naturalean droga ez dela dioen arren, polemika sortzen duen gaia da. Moralesen hiru urteko agintaldian, 60 tona konfiskatu ziren, bide horretatik, «kokaina zero» lortzea zaila dela adierazi du Moralesek. Bolivian atzemandako kokainaren %30a ondoko herrialdeetatik dator, batik bat Perutik. Droga trafikatzaileek Boliviako lurrak erabiltzen dituzte.

6. Base militarrak. Boliviak estatu bakezale gisa aurkeztu du bere burua Konstituzio berrian, eta hori oinarritzat hartuta, bere lurretan atzerriko base militarrak jartzea debekatu du. Horretan, beste arau askotan bezala, Venezuela hartu du Evo Morales presidenteak adibidetzat. Izan ere, neurri bera dago han indarrean. Hala, «AEBen errepresioaren aurka egitea» du helburu Boliviako presidenteak. «Lehen herritarrak ziren inperioaren aurka matxinatzen zirenak, baina orain, hura da armaz erasotzen diena».





Carlos Cordero Carraffa.Konstituzioan aditua
Konstituzio berriak proposatzen duen Estatu egitura konplexua martxan jartzeko borondate politikoa falta dela uste du Corderok, eta, horregatik, gatazka soziala areagotu egingo da, haren arabera.

«Eskubideek leku handia dute, baina gatazka eragingo duten kontraesanak ditu»

L. Ventas

Konstituzioan aditua da Carlos Cordero Carraffa boliviarra, eta Evo Moralesek proposaturiko testuaren punturik polemikoenak azaldu dizkio BERRIAri, galdeketaren bezperan. Testua osatzeaz arduratu zen Batzar Konstituziogileko aholkularia izandakoa da. Egun, teoria politikoa eta hauteskunde sistemak irakasten ditu La Paz hiriburuko San Andresko Unibertsitate Nagusian.

Boliviarrak ez omen dute Konstituzioa ezagutzen. Eta, beraz, galdeketa Gobernuaren jarraipenari buruzko plebiszitua bilakatu da. Hala al da?

Bai, egia da. Erreferenduma egiteko akordioak sinatu zirenetik deialdira 90 egun eskas igaro dira. Edukia sozializatzeko betarik ez du eman. Testua oso konplexua da, gainera: 411 artikulu ditu. Emozioetan oinarritutako botoa emango dute boliviarrek; kontsignen araberakoa. Handizkatu egin dituzte horiek, gainera, gerra zikina izan da kanpainan.

Zer handizkatu da zehazki?

Kristoren irudiak erabiltzearena, esaterako. Odolez beteriko irudiak, fetoak...

Baietzak irabaziz gero, izan ere, katolizismoa ez da Estatuko erlijio ofiziala izango.

Ez, baina kultu askatasuna egongo da. Hala ere, biztanle gehienak katolikoak izanda, erraza da ezaugarri hori kanpaina egiteko baliatzea. «Jainkoari eman botoa, ezetz esan Konstituzioari» gisako mezuak dituzte. Herritarrenezjankintasuna baliatu dute.

Testua legez kanpokoa dela esatea ere ezjakintasuna baliatzea da? Hala argudiatu du oposizioak.

Testua Legebiltzarreko akordio baten emaitza da. Iaz Sucren izandako liskarrek lausotu egin dute hori, baina akordio politikoa izan denez, erabat legezkoa da.

Bolivia berria osatu nahi du Moralesek. Horri bide ematen dio testuak?

Estatua berregituratzea ahalbidetzen du, behintzat; erakundeak eraldatzea. Konstituzioa ez da makila magikoa, baina ezta madarikazioa ere. Eta horixe da, hain zuzen, oposizioak egiten duen irakurketa: kaosera, hondamendira, inbertsio faltara, langabeziara garamatzala.Deabruak gobernatuko gaituela diote.

Oso bestera, oinarrizko eskubideei leku handia egiten die. Zenbait aurkarik ere aitortu dute hori.

51 artikulu eskaintzen dizkio hiritarren eskubideak, eskubide kolektiboak, enpresa-eskubideak, adinekoenak, gazteenak, indigenenak, etab. zehazteari. Ohiz kanpokoa iruditzen zait niri hori.Bestetik, baina, baditu etorkizunean gatazka politikoak eragingo dituzten akatsak eta kontraesanak ere.

Zein kontraesan dira horiek?

Kontraesana baino, konplexutasuna esan beharko nuke. Estatuaren egitura administratibo berria proposatzen du, oso konplexua. Horrek ekarriko ditu gatazkak.

Estatu bakarra, baina era berean plurinazionala eta autonomikoa, alegia.

Konstituzioak bost zati ditu, eta laugarrena egitura berri hori zehazteko da oso-osorik. Autonomia bidezko Estatuaren administrazio berria zehazteko. Erabat berritzailea da hori.

Autonomistak ez ditu askiesten, ordea.

Indarrean dagoen Konstituzioak ez ditu autonomiak aintzat hartzen. Horregatik, probintzietan gisa horretako estatutuak berretsi dituzten arren, ezin dute martxa hartu. Ez dira nahi diren autonomiak, noski. Hau akordio politikoa da. Ezin du alde bakarrak irabazi, guztiek eman behar dute amore neurri batean.

Testu berriak iaz lau probintziatan berretsitako autonomia estatutuei lekua ematen die?

Noski. Gisa horretako erregimena hautatu duten eskualdeak prozesu autonomikoan bete-betean sartuko direla dio testuak. Baina estatutua Konstituziora egokitu beharko dute. Borondate politikorik gabe, bost urte beharko dituzte horretarako. Borondatearekin, urtebetean egina legoke.

Argudio horren arabera, egungo gatazkak ez luke heldulekurik izango.

Baina tamalez Gobernuak eta oposizioak itun soziala sinatzeko aukera galdu dute. Eta testu berriarekin sakondu egingo da gatazka. Arau berria sortu da, baina ez da lortu beharko lukeen bidezkotasuna ematea. Konstituzioa, beraz, ez da Boliviak behar duen behin betiko akordio politikoa izango.

Gatazka horren oinarrian, berriz, ekonomia dago. Gasa ustiatzeko eskubidea, alegia.

Hori presente dago, baina ez da debatearen muina. Eztabaidaren gunean lehen aipatutako kontu emozionalak daude. Ez lurraren gaineko eskubideak, ez gasa ustiatzearenak. Horri dagokionean, gainera, diskurtsoa aldatu du Gobernuak. Oposizioa zenean baliabide naturalak jatorrizko herrienak, indigena nekazarienak, zirela zioen. Haiek bizi diren lurretan dagoena haiena dela, alegia. Agintean dagoenetik, ordea, baliabide naturalak Estatuarenak direla dio Moralesek.

Boliviako herriarenak, dio Konstituzio berriak.

Bai, baina Estatua da haiek kudeatuko dituena. Indigenei irabazien zati bat emango die, justua, eta iritzia eskatuko die. Baina diskurtso aldaketa nabarmena da hori. Eta ordezkaritza politikoari dagokionean ere antzera gertatu da. Diputatuak eta senatariak sufragio unibertsal bidez aukeratzen dira eta aukeratuko dira. Eta hamabost urtean ohituren legeen arabera -lege indigenak- aukeratzea eskatzen aritu da Morales.

Neurri batean kolonia aurreko gizartera itzultzea agindu du, ordea. Ez du horretarako bidea ematen?

Inolaz ere ez. Eta horren harira badaude kontraesanak. Koloniaren ondorengo egiturak bateratzen dira. Baina era berean, horiek berak dira Konstituzioak idartzen dituenak. Jatorri indigenara itzultzea diskurtso hutsa da; boto emozionala eskuratzeko asmoa du atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.