NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko herrialdeak Sirian hartu beharreko neurrien inguruan ados jartzen ez diren bitartean, herrialdeko egoera geroz eta larriagoa da. Hainbat adituren arabera, gerra zibilera amiltzen ari dira siriarrak poliki-poliki. Bashar al Assaden erregimenak indarrez isilarazten ditu bere aurka altxatzen diren ahotsak. Baina, oposizioa ere armatzen ari da gobernuaren indarrei aurre egiteko,eta indarkeria eguneroko ogi bilakatu da Siriako hainbat hiritan.
Txinak eta Errusiak Europako herrialdeek Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako ebazpenari betoa ezarri diote, eta agerian geratu da nazioartearen zatiketa Siriako liskarretan izan beharko luketen eginkizunaren inguruan. Hain justu, europarrek ebazpena leundu dute betoa saihesteko, eta zigor hitza ere ezabatu dute testutik. Errusiak eta Txinak, ordea, ez dute Libian gertatutakoa errepikatzea nahi, eta ebazpena Sirian militarki esku hartzeko aitzaki gisa erabili dezaketela ohartarazi dute.
Ezezkoa siriarrentzat albiste tristea dela azaldu du, berriz, Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak. «Bere herritarrak indarrez zapaltzen dituen diktadorearen aurka egin beharko luke kontseiluak», adierazi du, etsita. «NBEko Segurtasun Kontseiluak ezin du munduan bakea eta segurtasuna bermatzeko daukan ardura bazter utzi», adierazi du, bestalde, Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroak.
AEBek hitz egin dute gogorren Errusiaren eta Txinaren aurka, eta bozketarekin «desilusionatuta» daudela adierazi dute. Ebazpenaren aurka egotea «trikimailu merkea» dela uste du Susan Rice AEBetako NBEko ordezkariak. «Aurka daudenak nahiago dute Siriari armak saldu siriarrak babestu baino», kritikatu du Ricek, eta askatasuna eta giza eskubideak nork babesten dituen eta nork ez argi geratu dela gaineratu du.
Libiako esperientzia
Errusiak AEBen salaketak ukatu ditu, eta garbi utzi nahi izan du ez duela babesten Al Assaden erregimena, herritarren aurka egiten ari dena. Ebazpenak bakea ekarri ordez tentsioa areagotuko duela azaldu du Vitali Churkin NBEko Errusiako ordezkariak, eta horrexegatik eman dutela aurrez iragarritako ezezkoa.
Baina, Mosku «Libiako gidoia» arau bilakatzeko arriskuarekin dago kezkatuta, batik bat. Izan ere, NATOk zibilak babesteko eginkizuna zuela gogorarazi dute errusiarrek behin baino gehiagotan, eta horrek ez duela justifikatzen Muammar Gaddafi koronelaren aurkako bandoaren alde egin izana. Operazio horrek Segurtasun Kontseiluaren izen ona kaltetzen duela uste du Moskuk.
Siriako barne arazoetan esku hartu behar ez delakoan dago, bestalde, Txina. Gainera, ez du zigorren inguruan ezertxo ere jakin nahi, eta ziurtzat jo du ebazpenak ez duela lagunduko herrialdearen egoera hobetzen. Hori horrela, egoera baretzeko gobernuari iragarritako erreformak martxan jartzen uztearen alde egin du. Hain justu, horixe eskatu du Bashar Jaafari Siriako enbaxadoreak NBEko kontseiluan. Mendebaldeko herrialdeek Siriarekiko aurreiritziak dituztela kritikatu du, eta une honetan erregimena prozesu demokratikoa ahalbidetuko duenneurriak hartzen ari delaazaldu du.
Egoera jasangaitza
Bitartean, Siriako hainbat hiritan egoera jasangaitza bilakatu da, bi bandoek erasoak gogortu baitituzte. Himsen esaterako, etengabeak dira erregimenaren aldekoen eta aurkakoen arteko liskarrak, eta adituek gerra zibila bizi dutela diote.
Oposizioko hainbat taldek diote Al Assad soilik indarrez kanporatu ahalko dutela. Hori horrela, armatzen eta antolatzen hasi dira. Armadaren barne batasuna ere hautsi da, eta Hims inguruan 500 eta 700 soldadu inguru oposiziora igaro direla jakinarazi dute. Rastanen aldiz, bost eguneko erasoaldiaren ostean armadak hiriaren kontrola berreskuratu du, baina 3.000 lagun inguruk oraindik atxilotuta jarraitzen dute.
Talde erlijiosoek geroz eta protagonismo handiagoa dutela jakinarazi du, bestalde, Nir Rosean Al Jazeera telebista kate arabiarreko kazetariak. Musulman sunitak dira oposizioaren gehiengoa, eta alauitek eta kristauek osatzen dute, aldiz, erregimenaren aldeko blokea. Himsen agerikoa da suniten eta alauiten arteko ezinikusia, eta armadak kontrol guneak ezarri ditu bi bandoak bereizteko. Hori horrela, taldeen arteko bereizkeria sustatzea leporatu dio oposizioak gobernuari.
Bitartean, herriaren gidaritza hartzeko eta oposizioa batzeko Kontseilu Nazionala osatu dute. Nazioarteari militarki esku ez hartzeko eskatu dio organo sortu berriak. Ekonomia ere kezka iturri dute, bestalde, kolapsatzear dela baitiote adituek. EBren zigorrek nabarmen murriztu dituzte erregimenaren diru sarrerak, batik bat, petrolioaren merkatua blokatzeko neurriak indarrean jarri ondoren.
Martxoaren erdialdean Al Assaden aurkako lehen protestak egin zituztenetik 2.700 lagun inguru hil dituztela diote Gobernuz Kanpoko Erakundeek. Horietatik 700 inguru segurtasun indarretako kideak dira.
Nazioarteak adostasunik lortzen ez duen bitartean, Siria odolusten ari da
Libiako esku hartzea ez errepikatzeko, betoa jarri diote Txinak eta Errusiak Segurtasun Kontseiluan Siriaren aurkako ebazpenariEkonomia erreka jotzear da; erregimenaren sarrerak murriztu egin dira EBren zigorrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu