"Akordioa nuklearra onartu genuen, baina AEBen etsaitasuna ez zen amaitu. Orain inguruan dugun eragina eta gure misilak mugatu nahi dituzte. Baldintza horiek onartzen baditugu, arazoa beste nonbait bilatuko dute", kritikatu du Ali Khameneik, Irango buruzagi erlijioso gorenak, eta ohartarazi du akordioaren gainontzeko sinatzaileak ere ez direla "fidagarriak".
Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua akordioari eustearen alde agertu dira, eta Teherango agintariekin harremanetan egon dira azken orduetan, hark hitzarmenari eutsi diezaion. Itunak zehazten duenez, Teheranek uranioa aberasten jarraitu ahal izango du, baina soilik %3,67ra —arma nuklear bat sortzeko, %90era aberastu behar da—, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikuskaritzak onartuko ditu; trukean, nazioarteak arindu egingo ditu haren aurkako zigorrak.
Ordea, buruzagi gorenak oharra helarazi dio gobernuari ere, esanez "azterketa baten aurrean" daudela, eta han erabakiko dela "herriaren duintasunari" eusten dioten edo ez. Hala,naizoarteari "berme sendoak" eskatzeko galdegin die agintariei, "bestela, AEBen pausoak jarraituko dituzte".