«Nazioartearen esku hartze militarraren ostirala» izan zen atzokoa Sirian. Hala izendatu zuenoposizioak protesta eguna, nazioarteari presio egiteko asmoz. Kofi Annanek NBE Nazio Batuen Erakundean agerpena egin baino lehen, Siriako hainbat hiritan egin zituzten manifestazioetan «berehala» militarki esku hartzeko eskatu zuten herritarrek, eta armak bidaltzeko ere eskatu zuten. Mendebaldeko herrialde gehienek, ordea, oposizioa armatzeko bidea baztertu dute azken astean. Sirian egoera gaiztotzen ari dela ikusita, gatazka bide diplomatikoen bidez konpondu behar dela esan dute hainbat herrialdek, Frantziak eta AEBek barne.
Hama, Homs eta Daraa eskualdeetako hainbat hiritan egin dituzte protestak, eta baita Halab hirian (iparraldean) eta Damasko hiriburuko hainbat auzotan ere. Azken horretan lagun ugari atxilotu dituztela salatu du oposizioak. Baxar al-Assad presidenteak, berriz, indar erakustaldia egin du hiriburuko kaleak bere jarraitzaleekin betez. Manifestariek garaipena ospatu dute Damaskoko kaleetan. «Irabazi dugu» leloa etengabe oihukatu dute egunotan presidentearen aldekoek, baina borrokak ez dira amaitu. Al-Assaden gobernuak Homs eta Idlib berreskuratu baditu ere oraindik hainbat fronte dauzka irekita herrialdean.
Atzokoa ere egun odoltsua izan zen. Oposizioko iturrien arabera, 45 lagun baino gehiago hil zituen armadak herrialde osoan. Gehienak, 37 lagun, Idlibeko borroketan hil dira; izan ere, oposizioko Siriako Armada Askeak hiritik atera dela esan badu ere, gobernuak hiria bonbardatzen jarraitzen du. Homseko Bab Amr auzoan gertatu den bezala, armadak Idlib setiatu duela kontatu dute oposizioko ekintzaileek, eta etxez etxe «terroristen» bila dabilela. Bestalde, Daraa ere setiatuta dauka gobernuak. Duela urtebete, hain justu, hiri horretan hasi zituzten Al-Assaden aurkako protestak. Gazte batzuek «herriak erregimena erortzea nahi du» idatzi zuten Daraako horma batean, eta Poliziak atxilotu eta torturatu egin zituen. Herritarrek, gertaera salatzeko, kalera jo zuten, eta protestak herrialde osoan zabaltzen hasi ziren. Ordutik armada Daraako kaleak hartuta dauzka, eta hirian egoera «jasanezina» dela salatu dute lekukoek.
Damaskoko kanpoaldeko hainbat auzotan ere izan ziren liskarrak atzo, armada eta matxinoak elkarren aurka aritu baitziren. Urtarril amaieran ere Damasko inguruan borroketan aritu ziren, baina Siriako armadak gogor erantzun zuen orduan, eta ingurua kontrolpean hartzea lortu zuela adierazi zuen.
Kaosa oposizioan
Gobernua geroz eta gogorrago ari da erantzuten, eta NBE Nazio Batuen Erakundean «terroristen» aurka borrokan jarraituko duela jakinarazi du Damaskoren ordezkariak. Bitartean, oposizioan zatiketa geroz eta ageriagoa da. Hala aitortu du asteon SNC Siriako Kontseilu Nazionaletik ateratzea erabaki duen Haitham al-Maleh epaileak : «Oposizioaren baitan kaosa da nagusi». Lidergo argirik ez dagoela azaldu du epaileak, eta ondorioz ezta antolaketarik ere.
SNCren baitan ez da giro. Al-Malehez gain, beste hainbat kidek ere alderdia uztea erabaki baitute, Siriako Armada Askea armatzeko estrategiarekin bat egiten ez dutelako. Asteartean Siriako Armada Askearekin akordio batera iritsi zirela jakinarazi zuen SNCk, eta armadako desertoreek osatutako taldea finantzatuko zuela. Erabakiak eztabaida sortu du alderdian.
Libanoko Al-Akhbar egunkariak, bestalde, Sirian 33 talde armatu daudela argitaratu du. Joseph Holliday analista militarraren arabera talde horiek estruktura argia dute, baina ez daude antolatuta. Milizia horietako batzuk Siriako Armada Askearekin batera ari dira borrokan, baina beste batzuk ez dute loturarik talde horrekin, Hollidayk jakinarazi duenez. Horrez gain, Al-Qaedarekin lotura duten taldeak sortu direla ohartarazi du analista militarrak, eta horiek Al-Assaden aurka ari direla. «AEBentzat eta oposizioa armatzea eskatzen dutenentzat erronka handia izango da talde horien presentzia».
Nazioarteari «berehala» esku hartzeko eskatu dio oposizioak
Idliben, Daraan eta Damaskon liskarrak izan dira armadaren eta oposizioko ekintzaileen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu