Nazioarteari Mali iparraldean esku hartzeko eskatu dio kolpisten buruak

Ban Ki-moonek indarkeria amaitzeko eskatu die kolpistei eta tuareg milizianoei

Erredakzioa
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Munduko potentziak ozeanoak zeharkatzeko gai izan badira Afganistanen integristen aurka borroka egiteko, zerk eragozten die hona etortzea?», galdetu du Amadou Sanogo Maliko militar matxinoen buruak. Islamistek herrialdearen iparraldearen kontrola hartu dutela esan du Sanogok, eta horrek Afrikarentzat eta munduarentzat ondorio kaltegarriak izango dituela. «Nazioarteak esku hartu behar badu iparraldean egin dezala. Etsaia ezaguna da eta ez dago Bamakon», esan du Sanogok Junta Militarraren aurkako kritikei erantzunez.

Azawad eskualdekoa ez da «matxinada soil bat» kolpisten buruaren esanetan. Islamistak dira Mali iparraldearen kontrola hartu dutenak Sanogoren ustez. Hain zuzen, gobernuakmiliziano independentisten kontra behar beste egiten ez zuela esanez arrazoitu du estatu kolpea. Militar matxinoek jakinarazi dute zibilak ihes egiten ari direla «iparraldetik, islamisten esku geratu baita».

Presarik ez

«Ez gaude hemen boterean betikotzeko», esan du Sanogok hamaikagarrenez. Dena den, herrialdearen etorkizuna denen artean erabakitzeko atzorako deitu zuen batzar nazionala bertan behera geratu da, eta gizartean adostasuna lortzeko esan du denbora badagoela. «Ez dago denborarik iparraldeko armatutako taldeei aurre egiteko. Bamakon, berriz, bizia aurrera doa, eta herritarrek batzordea errespetatzen dute».

Bestalde, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak kolpistei eskatu die indarkeria amaitzea, eta konstituzioa berriz ere indarrean jartzea. «Erasoak eta harrapakatzeak» egiten ari diren tuareg matxinoei ere gauza bera eskatu die. Negoziazio bidezko irtenbidearen alde egin du Banek.

AEBek 12,5 milioi dolarreko laguntza bertan behera utzi du, dirua zuzenean kolpisten esku dagoen gobernuaren eskuetara ailegatzen delako. Aljeriak, berriz, Mali iparraldean hainbat diplomazialari aljeriar bahitu dituztela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.