TXETXENIAKO HAUTESKUNDEAK

Nazioarteko erakundeen berme barik egingo dute gaurko

Giza eskubideen aldeko taldeek «burla egite» gisa salatu dituzte hauteskundeak, «ez direlako inolaz ere askeak»

2005eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Errusiaren aldeko legebiltzarrerako hauteskundeak nazioarteko erakundeen bermerik gabe eta giza eskubideen defentsarako elkarteek salatuta egingo dituzte gaur Txetxenian. Errusiako Armadak okupatzen duen Kaukasoko herrialdehonen «normalizazio» prozesuaren azken urrats bezala jotzen ditu boz hauek Moskuk.

2003ko martxoan egin zuten erreferendumetik eta urte bereko urrian eginiko herrialdeko presidentearen hautaketatik landa, legebiltzarra osatzea Txetxeniako gatazka konpontzeko azken urrats gisa jotzen du Kremlinek. 1997 urteaz geroztik ez zen Parlamentua osatzeko bozketarik egin Txetxenian. Izan ere, Errusiako Armada 1999an herrialdean sartu zenetik, gerra dago han. Moskuk, haatik, okupazio militarrari eta herrialdea menpean berriro hartzeari legezkotasun itxura eman nahi izan die, bere agindupeko gobernu bat eratzea bultzatuta. Txetxeniak, egun, presidente bakarra dauka, Moskuren aldekoa: Alu Alkhanov hain zuzen ere, Errusiako Armadak Aslan Maskhadov presidente independentista iragan martxoaren 8an hil baitzuen. Independentistek, ordea, ez dute Alkhanoven gobernua zilegitzat jotzen, ezta nazioarteko hainbat sektorek ere. Egungo hauteskundeetan euren botoa ematera deituta dauden 596.000 txetxeniarrek 61 biltzarkide aukera ditzakete. Alabaina, nabarmentzekoa da hautesle hauetatik 35.000 inguru herrialdea okupatzen duten soldadu errusiarrak direla. Lehian diren zortzi indar politikoen artean, emaitza hoberenak lor ditzakeena da Errusiako presidente Vladimir Putin sustatzen duen Errusia Batua alderdia. Honen lehiakide serioenak bezala emanak dira Errusiako Alderdi Komunista eta Moskuren aldeko Txetxeniako gobernuari oposizio egiten dion Eskuineko Indarren Batasuna (SPS).Haatik, Errusian argitaratzen dituzten hedabide batzuek nabarmendu dutenez, bozketa hauetarako pluraltasuna «erabat itxurazkoa» da. Hauek ohartarazten dute lehian dauden indar politiko gehienetan Txetxeniako de facto-ko agintari den Ramzan Kadiroven eskumakila ugari daudela. 2004ko martxoan gerrilla independentistak hil egin zuen Akhmad Kadirov Moskuren aldeko presidentearen semea lehen ministrordea da, baina Sergei Abramov lehen ministroak Moskun istripu larria izan ostean gobernuburu kargutan dabil. Bestela ere, Txetxenian adituak direnek jakin badakite herrialdean benetan agintzen duena Ramzan Kadirov dela, honek bere manupean daukan 5.000tik gorako miliziak izututa atxikitzen baititu herritarrak.Kadiroven miliziak eta Txetxenia okupatzen duten 80.000 soldadu errusiarrek etengabeko izu giroa hazten dute Txetxenian, gerrilla independentista sustatzeaz susmagarritzat dituzten herritarren hilketak eta desagerrarazteak ugari direlarik.

Nazioarteko behatzailerik ez

Itzelezko indarkeria hau zehatz-mehatz salatu du Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak, berriki zabaldurako argibide txostenean. Erakunde horretako ikertzaile talde batek irailaren 25 eta 30a bitartean Txetxenian bildutako datuak eta lekukotasunak aztertuta daude hor. Txostenak honakoa nabarmendu du: «Txetxenian ezin da hauteskunde aske eta zintzorik egin gaur egun herrialdean pairatzen den izu eta zigorgabetasun giroan». Azterketa egileek ere azpimarratzen dutenez, «Moskuk eta Txetxeniako agintariek normaltasun egoera dagoela ziurtatzen duten arren, torturak eta tratu txarrek etengabe» diraute.

Errusiako Memorial giza eskubideen defentsarako erakundeko presidente Oleg Orlov ere iritzi berekoa da. «Txetxenian dagoen etengabeko indarkeriak ez du inolako aukerarik ematen hauteskunde hauek askeak eta gardenak izan daitezen». Ameriketako Estatu Batuetako Human Rights Watch elkarteak, aldiz, zera nabarmendu zuen berriki: «Hauteskunde eguna hurbiltzen den neurrian, bortizkeria areagotu da». Elkarte honetako Errusiako eledun Alekzander Petrovek zioenez, «bahiketak egunetik egunera ugalduz» doaz, baita gerrillaren erasoak ere; «gauzak horrela, hauteskunde askerik egon al daiteke?». Hauteskunde hauen zintzotasuna zehazki ez badute salatu ere, nazioarteko erakundeek ez diete bermerik eman. Hala, ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak ez du behatzailerik bidali Txetxeniara,»seguritate eskasia» argudiatuta. ESKEk, halaber, ez zuen ordezkarik igorri Txetxenia Errusiako Federazioaren zati banaezina dela planteatzenzuen erreferendumerako, ezta herrialdeko presidentea aukeratzeko bozetara ere. ACPE Europako Kontseiluaren Batzorde Parlamentarioaren misio bat egongo da, ordea, Txetxenian, baina honen zeregina «datu bilketa» besterik ez da izango.

Errusiako agintariek, baina, «bozketa operazioak normaltasunez igaroko direla bermatzeko» 23.000 behatzaile egongo direla iragarri zuten. Hauek tokikoak izango dira edo Sobiet Batasuna desagertu ostetik eratutako herrialdeek osatu dutenfederazioak bidalitakoak.

-

Datua





24.000

Bozketa eguneko segurtasuna bermatzeko aitzakian, 24.000 polizia eta miliziano zabalduta egongo dira gaur Txetxenian. Herrialdea okupatzen duten 80.000 soldadu errusiarrek ere zeregin horretan jardungo dute. Gerrillak hauteskundeei boikota egiteko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.