Nazioarteko exekuzio kopuruen gaineko isilkeria salatu du AIk

Amnestyren datuen arabera, iaz 2.148 pertsona exekutatu zituzten, baina zifra handiagoa dela uste du

Kristina Berasain Tristan.
2006ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Iaz gutxienez 2.148 pertsona exekutatu zituzten munduan. Txinan, Iranen, Saudi Arabian eta Ameriketako Estatu Batuetan izan ziren exekuzio horien %94. Amnesty International giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak heriotza zigorraren urteroko txostena helarazi zuen atzo Londresen. Iaz exekutatutakoen kopuru erreala, alta, askoz ere handiagoa izan daitekeela ohartarazi zuen erakundeak. Piers Bannister ikertzaile eta txostenaren egilearen arabera, haiek bildutako kopurua «izozmendiaren erpina» baino ez da: «Herrialde ugaritan isilkeria oso handia da». Giza eskubideen aldeko erakundeek, ildo horretan, nekez eskuratu ahal dezakete exekuzioen inguruko informazio zehatzik. Amnesty Internationalek esan du posible dela heriotza zigorra zein herrialdetan ezartzen den jakitea baina ia ezinezkoa dela herrialde horietan zenbat exekuzio egiten diren zehaztea.

Txinaren kasua bereziki larria dela salatu du erakundeak. Pekinek iaz 1.770 pertsona exekutatu zituen, datu ofizialen arabera aurreko urtean 3.400 pertsona exekutatu zituzten. Nazioarteko erakundearen arabera, baina, datu hori hiru bider handiagoa izan daiteke eta exekuzio kopuru erreala zortzi milatik gertu egon daitekeela adierazi du. «Oso interesgarria litzateke agintariei galdetzea zergatik jokatzen duten halako isilkeriaz exekutatzen dituzten pertsonen kopuruaren inguruan». Txinan estatu sekretua dira exekuzioak, eta, hartara, dokumentuak ezkutuan gordetzen dira.

Organo trafikoa

Txinan exekutatzen dituzten pertsonen organoak gerora nazioartean saltzen direla salatu du Erresuma Batuko Transplanteetarako Elkarteak. Stephen Wigmore erakundeko etika batzordeko buruaren arabera, hori salatzeko zantzu ugari aurkitu dituzte. Ehunka pertsonaren organoak saldu direla eta pertsona horiek exekutatu aurretik aukeratzen dituztela salatu zuen. Organoak, izan ere, astebeteko epean iristen dira. Praktika horiek gaitzetsi zituen erakundeak. Pekinek, berriz, salaketa baztertu zuen. Giza erakundeak urteak daramatzate praktika hori salatzen.

Txina izan zen iaz exekuzio kopuru gehien ezarri zituen herrialdea. Heriotza zigorra, dena den, beste hogeita bat herrialdetan ere ezarri zuten. Iran 94, Saudi Arabia 86 eta Ameriketako Estatu Batuak 60 dira hurrengoak exekuzio kopuruan. Bangladesh, Bielorrusia, Indonesia, Irak, Japonia, Jordania, Ipar Korea, Kuwait, Libia, Mongolia, Pakistan, Palestina, Singapur, Somalia, Taiwan, Uzbekistan, Vietnam eta Yemen dira gainerako herrialdeak. Orotara 74 herrialdetan dago indarrean heriotza zigorra ezartzeko legedia baina horietako hogeita bostetan ez dute praktika hori azkeneko hamar urteotan aurrera eraman.Orotara, ofizialki, 2.148 pertsona exekutatu zituzten iaz munduan, hain zuzen ere, aurreko urtean baino 1.649 pertsona gutxiago. Kopurua «oso larria» baldin bada ere behera egiteak positibotzat jo zuen Amnesty Internationalek. Azken bi hamarkadetan heriotza zigorrak izan duen garapena ikustea, zentzu horretan, interesgarria dela uste du nazioarteko erakundeak. Hogei urtetan erdira jaitsi da heriotza zigorra ezartzen duten herrialdeen kopurua. 1985. urtean berrogeita lau ziren eta gaur egun, berriz, hogeita bi. Mexikon eta Liberian iaz utzi zuten bertan behera heriotza zigorra ezartzeko praktika. Filipinetan, berriz, heriotza zigorra bertan behera uzteko proposamena sinatu duela berretsi zuen atzo Gloria Macapagal presidenteak. Iragan astean barkamena eman zien heriotzaren korridorean dauden 1.220 presoei. Senatuak berretsi beharko du orain legea.

Heriotzaren korridorean

Iaz, bestetik, 5.186 pertsona kondenatu zituzten heriotza zigorrera mundu osoko berrogeita hamahiru estatutan. Nazioarteko erakundearen txostenaren arabera, baina, kopuru hori handiagoa izan daiteke eta, beste behin, sekretismoa salatu zuen. Munduan orotara exekutatzeko zain dauden pertsonen kopurua 19.474 eta 24.546 artekoa dela uste du AIk.

Heriotza zigorra praktika «ankerra, bihozgabea eta krudela» dela eta bizitzeko eskubidea urratzen duen zigor gogorrena dela dio AIk. Irene Khan erakundeko idazkari nagusiak heriotza zigorra ezabatzea eskatu zuen: «Iraingarria da oraindik exekuzioak egiten dituzten estatuak egotea. Ezein ikerketak ez du erakutsi heriotza zigorrak beste zigor batzuek baino modu eragingarriagoan kriminalitatea eragozten duenik».AIk heriotza zigorraren inguruko nazioarteko konferentzia antolatu zuen 1977. urtean. Urte hori arte hamasei herrialdek baino ez zuten bertan behera utzi praktika. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak urtero ebazpen bat argitaratzen du praktika horrekin amaitzeko eskatuz.

Heriotza zigorra bertan behera utzi duten herrialdeak





Orotara 86 dira heriotza zigorra kasu guztietan bertan behera utzi duten herrialdeak. Beste 11 herrialdek gerra garaian bakarrik ezartzen dute eta beste 25ek, berriz, legedian jasotzen duten arren ez dute azkeneko hamar urteotan ezarri.

1863: Venezuela.

1865: San Marino.

1877: Costa Rica.

1906: Ekuador.

1907: Uruguai.

1910: Kolonbia.

1928: Islandia.

1956: Honduras.

1962: Monako.

1966: Dominikar Errepublika.

1968: Austria.

1969: Vatikanoa.

1972: Finlandia eta Suedia.

1976: Portugal.

1978: Danimarka.

1979: Luxenburgo, Nikaragua, Norvegia, Brasil, Fiji eta Peru.

1981: Frantzia eta Cabo Verde.

1982: Herbehereak.

1985: Australia.

1987: Haiti, Liechtenstein, eta Alemania.

1989: Kanputxea, Eslovenia, Zeelanda Berria eta Errumania

1990: Andorra, Kroazia, Eslovakia, Hungaria, Irlanda, Mozambike, Namibia, Txekiar Errepublika eta Sao Tome eta Principe

1992: Angola, Paraguai eta Suitza.

1993: Grezia eta Ginea Bissau.

1994: Italia.

1995: Djibuti, Maurizio, Moldavia eta Espainia.

1996: Belgika.

1997: Georgia, Nepal, Polonia eta Hegoafrika.

1998: Azerbaijan, Bulgaria, Kanada, Estonia, Lituania eta Erresuma Batua.

2000: Boli Kosta eta Malta.

2004: Bhutan, Grezia, Samoa, Senegal eta Turkia.

2005: Liberia eta Mexiko.

Beste: Marshall Uharteak, Salomon Uharteak, Kiribati, Mazedonia, Mikronesia, Palau, Panama, Seychelle Uharteak, Ekialdeko Timor, Turkmenistan, Tuvalu, Ukraina eta Vanuatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.