Ukrainakoak dira kaltetutako erakunde eta enpresa gehienak; besteak beste, Banku Zentralari, Kiev hiriburuko metroari, gobernuko sare informatikoari eta Ukrainako energia konpainiari egin diete eraso. Hala jakinarazi du Pavlo Rozenkoe lehen ministrordeak.
Rosneft Errusiako petrolio enpresa ere izan da beste jomugetako bat. Enpresak azaldu du bere ekoizpenean ez duela eragin. Ukrainako Novaia Potchta enpresaren arabera, Petya.A da zabaldutako birusa, Wannacry-ren erasoan erabilitako ransomware-aren tankerakoa.
Maiatzean izan zen Wannacry-ren erasoa. Maiatzaren 12an, malware edo programa informatiko gaizto hori zabaltzen hasi zen. Ordu gutxian, dozenaka mila ordenagailu blokeatu zituen mundu osoan, bai herritarrenak, bai gizartearen ongizatean zeresana duten erakundeenak: Erresuma Batuko Osasun Sistema, Deutsche Bahn Alemaniako trenbide enpresa nagusia, Errusiako Barne Ministerioa eta telekomunikazio enpresa batzuk...
Danimarkako Moller-Maersk eta Erresuma Batuko WPP dira erasoak jasan dituzten beste enpresa batzuk.