Zemarai Bashary, Afganistango Barne Ministerioko eledunak atzo emandako argibideen arabera, Uruzgango probintzian (hegoaldean) taliban gerrillari islamisten aurkako erasoaldi zabal bat ari dira egiten egunotan nazioarteko tropak eta Kabulgo gobernuaren manupeko indar armatuak. Borroka horietan, 50 eta 60 gerrillari bitartean hil direla zehaztu zuen bozeramaileak, eta «tamalez» hamar zibilek ere bizia galdu dutela. Balantze hau, baina, ez dator batUruzgango probintzia kontseiluko buruzagi Mauaui Hamdullak herenegun emandako datuekin. Aski ezberdinak dira.
Honek herritarrengandik jasotako lekukotasunen arabera, hiru egunotan, ISAFeko bonbardaketen ondorioz hildako zibilak 60-70 inguru dira. Eraso hauetan hildako talibanen kopurua, aldiz, 70 ingurukoa dela iritzi dio agintariak. Shorako barrutian gertatutako borroka hauetan, bestalde, Afganistango segurtasun indarretako 16 kidek bizia galdu dutela zehaztu du. Uruzgango gobernadorearen gertuko iturriek, beren aldetik, aipatu dute guduka oso gogor hauen ondorioz, 70-75 zibil inguru hil edo zauritu direla, eta ehundik gora taliban eta Afganistango segurtasun indarretako 35 kide ere zendu direla.
Datuak bat etorri ez arren, ziur dagoena da, haatik, Afganistango herritarrek oso garesti ordaintzen dituztela herrialdeko borrokak. Indarkeria giroa, gainera, nabarmen gaiztotu da urte honen hasieratik. Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeak berriki plazaratu duen txosten batek dioenez, aurtengo lehen lau hilabeteetan soilik gutxienez 380 zibil hil dira Afganistanen jazo diren borroken ondorioz.
INFORMAZIOA «GEZURTIAK».Nazioarteko ehun bat gobernuz kanpoko erakunde bateratzen dituen Acbar agentziaren arabera, zibil asko hil dira nazioarteko tropei «informazio gezurtiak» helarazi zaizkielako sarri askotan,eta hauek ez dituztelako behar bezala egiaztatu beren erasoak martxan jarriaurretik.
Anartean, NBEren ordezkaritza bat, lehengo igandean Paktika probintzian jazotako erasoa --zazpi ume hil zituzten--ikertzera joan dela zehaztu zuen atzo gobernadorearen eledun Nilab Mubarizek. Ikerketa hauek egiten dira NATOn kidetuta dauden 26 herrialdetako Defentsa ministroek konpromisoa hartu ondoren, oldar egite militarretan zibilei ahalik eta min gutxiena egin behar zaiela.
KANDAHARREN INDARTSU. Bitartean, eraso gogorrak jasan arren, gerrilla islamistak oso indartsu dirau;Kandaharko probintziaren iparraldean kokatua den Mjanishengo barrutia kontrolpean hartu zuten atzo talibanek. Aurretik ere hori lortu zuten, Kabulgo gobernuaren manupeko segurtasun indarrek eta nazioarte tropek handik kanporatu zituzten arte. Kandahar eta inguruetan indar handia izan dute talibanek.
Albiste hau egiaztatzearekin batera, baina, Afganistango Barne Ministerioko bozeramaile batek atzo zehaztu zuen ekintza militar bat prestatzen ari direla talibanak berriro ere Myanishengo barrutitik uxatzeko. Zemarai Basharyk zehaztu zuen barruti horretan segurtasunaren ardura zuten poliziek alde egitea erabaki «taktikoa» izan zela. Talibanen eledun Jussuf Amadik, berriz, zehaztu zuen poliziek mendialdera alde egin zutela, ihesi.
Gerrillariak kanporatzen lagunduko duen ez du zehaztu ISAFek. «Afganistango agintariekerabaki beharko dute hori; geu prest gara laguntza bat emateko», zehaztu zuen atzo indar militarreko ordezkari John Thomasek.