Nazioarteko tropek bi erasotan gutxienez 160 lagun hil dituzte Afganistanen

Borrokak Helmand eta Uruzgan probintzietan jazo dira; lekukoek biktima zibilen berri eman dute

2007ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Afganistango Helmand eta Uruzgan probintzietan herenegun eta atzo gertatutako borroketan, gutxienez 160 ekintzaile taliban hil dituztela iragarri dute bertan borrokan ari diren nazioarteko indar militarrek. Borrokak gertutik ikusi dituzten lekuko batzuen arabera, biktima zibilak ere eragin dituzte borroka horiek.

AEB Ameriketako Estatu Batuen inguruan osatutako koalizio militarrak jakitera eman du, Helmandeko probintzian herenegun hasi eta atzo arte iraun zuen borroketan, gutxienez 104 taliban hil dituztela. Borroka horiek Musa Kalako barrutian gertatu ziren.

Eskualde horren ardura hango leinuetako buruzagien eskuetan utzi zuten nazioarte indarrek iragan otsailean. Tokiko agintariek konpromisoa hartu zuten ekintzaile talibanak ez berriro ere inguru horretan indartzen uzteko. Alabaina, azkenaldi honetan gerrillari islamistak berriz ere eskualdean jaun eta jabe izatea lortu dutela argudiatuz, erasoaldi bati ekin dio nazioarteko koalizio militarrak.

Uruzgango probintzian izandako borroketan, aldiz, ISAF Afganistanen Segurtasuna Bermatzen Laguntzeko Indarrak egin dio aurre egun hauetan gerrilla islamistari. Borroka gogorrak izan ziren herenegun Deh Raudeko barrutian, eta horietan gutxienez 65 ekintzailek bizia galdu dutela ziurtatu du ISAFek. Nazioarteko indarrak zabaldutako agiriak ziurtatzen du tentu handiz jokatu zutela biktima zibilik ez eragiteko: «Talibanen kokaguneak ditugu zehazki jopuntan hartu». Baina onartu dute, akaso, biktima zibilak ere eragin dituztela, nahigabe: «Litekeena da hiru zibil zauritzea borroka hauen ondorioz».

Helmandeko probintzian, talibanez gain, nazioarteko koalizio militarreko soldadu batek bizia galdu zuela azaldu zuten atzo zabaldutako datuetan. Agiri horietan ez zen inolako biktima zibilik aipatzen, baina lekuko batzuek ziurtatu dute zibilak ere hil direla lurreko borroketan zein nazioarteko indarrek airez eginiko erasoetan. Afganistanen maiz jazotzen da, armadak onartzen ez baditu ere, lekukoek maiz biktima zibilen berri ematen dutela.

Kandaharko probintzian, berriz, ehunka herritarrek kalean protesta egin zuten atzo, nazioarteko indarrek Zhariko barrutian astearte gauean eginiko eraso batean bi erlijioburu hil zituztela salatzeko. Protestaldian, nazioarteko tropen eta Afganistango presidente Hamid Karzairen aurkako oihuak entzun ziren.



BAHIKETARI BURUZKO DATUAK. Italiako Defentsa Ministerioak, bere aldetik, hilaren 22an Herat eskualdean bahitu zituzten bi militar italiarren jazoerari buruzko datuak eman ditu. Zerbitzu sekretuetako kideak direla esan du, eta itzultzaile batekin batera bahitu zituztela. Hilaren 24an askatu zituzten hirurak, Italiako eta Erresuma Batuko tropek elkarrekin egindako operazio militar batean. Zaurituta zeuden hirurak askatu zituztenean, eta horietako bat larri dago, bere kabuz arnasa hartzeko gai ez dela. Bahitzaileek zauritu zituztela zehaztu dute Italiako agintariek.

Atzo, Madrilen, berriz, azken agurra eman zieten astelehenean eraso batean hil ziren Espainiako Armadako bi militarrei. Espainiako errege-erreginak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak parte hartu zuten ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.