Mundua

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku utziko dute Karadzic, gerra krimenak egotzita

Bosniako presidente serbiarra izandakoa atxilotu dute, hogei mila hildakoren erantzule izatea leporatuta. Duela hamabi urte eman zuten hura atxilotzeko agindua, eta Serbiako Inteligentzia Zerbitzuek harrapatu dute, Belgradetik gertu. Agiri faltsua zuen eta mediku gisa zebilen lanean.

2008ko uztailaren 22a
19:30
Entzun
Radovan Karadzic Bosniako presidente serbiar ohia atxilotu dute Serbiako Inteligentzia Zerbitzuek, gerra krimenak egitea egotzita, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku utziko dute, Vukcevic Serbiako fiskalak gaur esan duenez.

Hain zuzen, Jugoslavia zenerako Nazioarteko Zigor Auzitegiak eman zuen Karadzic atxilotzeko agindua, duela hamabi urte, eta orain Belgradeko Gerra Krimenen Auzitegiteko epailearen aurrera eraman dute.

Karadzicek, ikerketako iturrien arabera, Dragan Dabic izenarekin agiri faltsua zuen eta Belgraden egiten zuen lan, mediku bezala.

Haren abokatuak adierazi du ostiralean atxilotu zutela Serbian, Belgrad Berria eta Batajnica arteko errepidean, autobus batean.

Bosniako gerran (1992-1995) 250.000 lagun hil ziren, eta Karadzici hogei mila hildakoren erantzukizuna, behintzat, egozten diote: Sarajevon hamabi mila hildakorena eta Srebrenican zortzi milarena -musulmanak denak-.

Europako Batasunak (EB) zoriondu egin du Serbiako Gobernua, "atxiloketa honekin Serbia Europara gerturatu egiten baita. Ikusten da baduela borondate politikoa EBn sartzeko". Serbiak ere ildo bereko adierazpenak egin ditu. "EBn sartzeko aukera dela-eta serio jokatzen dugu, eta erakutsi dugu atxiloketarekin", esan du Vuk Jeremic Serbiako Gobernuko Kanpo Harremanetarako ministroak.

63 urte ditu Karadzicek, Montenegron jaio zen, eta 1996tik ihesean ibili da.

Jugoslavia zenerako Nazioarteko Zigor Auzitegiak, gerra krimenengatik, Ratko Mladic militar serbiar-bosniarra eta Goran Hadzic Kroaziako serbiarren burua izandakoa ere atxilotzeko agindua emana dauka aspalditik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.