Txina eta Japonia arteko harremanetan eta ekialdeko politikan aditua da Philip Deans (Yorkshire, Ingalaterra, 1967). Londresko Ekialdeko eta AfrikakoIkasketa Eskolako irakaslea da eta hainbat liburu argitaratu ditu.
Japoniako testu liburuen edukiak aspaldiko gatazka piztu du berriz Tokio eta Pekinen artean. Zein da benetako arazoa?
Testu liburuen afera sinbolikoa da bien arteko konfiantza falta historikoan. Japoniak iraganarekin inoiz ez duela zuzen jokatu uste du Txinak. Azken hamar urteotan nazionalismoaren sentimendua areagotzen ari da bi herrialdeetan eta horrek zailtasunak ekartzen ditu.
II. Mundu Gerran egindako sarraskiengatik ez du barkamena eskatu Japoniak. Zergatik?
Hainbat arrazoi daude. Alemanian ez bezala, iraganari begiratzeko aukerarik ez zen izan Japonian. Gerra amaitu ondoren ere kontserbadoreak egon ziren agintean. Egun ere ez dago ongi ikusita, iritzi publikoan, iraganaz hitz egitea.
Washingtonek protestak ez debekatzea leporatu zion Txinari. Zergatik sostengatzen du Tokio?
Asian duten aliatu nagusiena delako. Washingtongo kontserbadoreak etsaitzat dute Txina. Eskuratzen ari den boterearekin oso kezkatuta daude eta, beraz, edozein aukera baliatzen dute bere kontra egiteko.
Japonia Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor izatearen kontra dago Pekin...
Txinaren argudio da ezin dela bertan egon iraganarekin zintzoa izan arte eta historikoki egin dituen okerrak onartu arte.
Zer gertatuko litzateke txinatarrek produktu japoniarrak boikotatzen badituzte?
Txinako aurreneko bezeroa da Japonia. Harreman ekonomikoak okertzen baldin badira arriskua dago ekonomia kaltetzeko. Tokioko produktuak eta inbertsioak behar ditu Pekinek. Japoniak ere, dena den, sufrituko du. Ez dut uste agintariek boikota egingo dutenik, izatekotan, herritarren ekimena izango da.
Taiwan ere gatazka iturri da. Koizumiren kideek zergatik aldarrikatzen dute uhartearen independentzia?
Koizumiren alderdikide guztiek sostengatzen dute independentzia. Japoniaren kolonia izan zen Taiwan. Japoniarrek erantzukizuna sentitzen dute uhartearekiko. Asiako leku bakarrenetako da non japoniarren aldeko jarrera dagoen eta horrek txinatarren kontrako jarrera dagoela esan nahi du.
«Nazionalismoa handitzen ari da bi herrialdeetan eta horrek zailtasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu