ASIAKO ITSASIKARA

NBE arduratuko da giza laguntza eta ekonomikoa koordinatzeaz

Indiako Ozeanoan 'tsunami'-ak antzemateko alerta sistema ezartzea hitzartu dute nazioarteko agintariek

2005eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Nazioarteko emaileen konferentzia egin zuten atzo Jakartan, Indonesiako hiriburuan, Asiako hegoaldea hankaz gora utzi eta milaka pertsona hil eta etxerik gabe utzi dituen itsasikararen ondorioei aurre egiten laguntzeko. Indiako Ozeanoan tsunami-en berri emateko alarma sistema bat (Pazifikoan dagoenaren antzekoa) jartzea eta «inoizko erantzun globalik handiena» ematea agindu zuten bildutakoek. Gainera, NBEri eman zioten giza laguntza koordinatzeko ardura.

Asiako hegoaldeko estatuetako agintariez gain, bilkuran izan ziren, besteak beste, NBEko idazkari nagusia, Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barroso eta AEBetako Estatu idazkari Colin Powell. Ohartarazi zutenez, litekeena da giza laguntza eta eraikitze prozesuan 10 urte arte behar izatea. NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek emaileei eskatu zien promesak berehala bete ditzatela. Hala, mundu osotik agindutako lau mila milioi dolarreko laguntzatik mila milioi lehenbailehen eskuragarri egitea galdegin zien, bost milioi pertsona ingururi datozen sei hilabeteotan laguntza eman ahal izateko. Annanek oroitarazi zuen aurreko hondamendietan laguntza emango zutela agindu zuten gobernu batzuek ez zituztela bete konpromisoak . Atzo bilkuran, NBEri eskatu zioten laguntza koordinatzeko eta diru laguntzak berehala emateko formulak aztertzeko nazioarteko konferentzia bat antolatzeko. Laguntza gehienak Sumatrako uharteko iparraldera (Indonesia) eta Sri Lankara joango dira, eremurik kaltetuenak baitira. NBE arduratuko da hori guztia koordinatzeaz, eta, Annanek zehaztu zuenez, lehen beharretarako 700 milioi dolarretik gora beharko dira, kontuan izaki 150.000 hildako baino gehiago, 500.000 bat zauritu eta beste hainbat desplazatu daudela eta milioika pertsonak elikagaiak, ura eta mediku artatzeak behar dituztela.Unicef erakundeko buru Carol Bellamyk, berriz, eskatu zuen umeei lehentasuna emateko laguntzeko tenorean, eta ez soilik elikagaiekin: baita familiekin berriz elkartzea erraztuz, hezkuntza bermatuz eta gehiegikerietatik babestuz ere.

Prebentzioa eta alarmak

«Prebentzioak eta alarma sistemek lehentasuna izan behar dute», ohartarazi zuen Annanek. Japoniak, zeinak tsunami-ak atzemateko munduko zuntz optiko sarerik aurreratuenetako bat duen, bere jakituria teknikoa eskaini zuen.

Frantziako presidente Jacques Chiracek babes zibilerako Europako indarra eratzea proposatu zuen. Indar horrek hondamendien aurrean berehala mobilizatzea izango luke xede, NBEn proposatu duen erantzun bizkorreko indarraren zati izanik. Proposamena gaur zehaztuko du Chiracek, EBko ministroek Bruselan egingo duten bilkuran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.