NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak baldintzatuta egin du atzera Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak. Etzi da hastekoa Genevako bigarren bake konferentzia; igandena, ezustean, bertan parte hartzeko gonbidapena egin zion Banek Irani. Teheran Damaskoren aliatu nagusia da, baina oposiziotik eta hura babesten duten potentzietatik presio egin dute hura bake elkarrizketetatik at mantentzeko.
Banek Teheran gonbidatu ostean, Siriako oposizioak haserre erantzun zuen, eta Genevara ez joateko mehatxua egin zuen, Iranek bere baldintzak bete ezean. Teheranek gonbidapena onartu bai, baina Siriako oposizioaren baldintzarik onartuko ez zuela jakinarazi zuenean, kolokan geratu zen bilkura.