Mundua

NBEk dio azken urtebetean Siriako gatazkan hilero 5.000 lagun hil direla

Biktimaren izena, hil zen eguna eta lekua egiaztatu ahal izan dituzten kasuak soilik aintzat hartuta, Siriako gatazkan 92.901 lagun hil dira Baxar al-Assaden kontrako mobilizazioak hasi zirenetik, NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatariak jakinarazi duenez. Askoz jende gehiago hil dela uste dute, ordea: «Benetako zifra, tamalez, askoz handiagoa izango da».

Berria.info
2013ko ekainaren 13a
18:41
Entzun

Bi urteko datuak bildu dituzte, 2011ko martxotik 2013ko apirilera artekoak, eta azken urtebetean gatazkaren eraginez hildakoen kopurua izugarri handitu dela nabarmendu dute. 2011ko udan, hilean 1.000 hildako zenbatu ohi zituzten. Baina 2012ko uztailetik aurrera hilero 5.000 hildako inguru zenbatu dituztela adierazi du Navi Pillay NBEren Giza Eskubideetarako goi mandatariak.
Zortzi iturritatik jasotako datuen ikerketa estatistiko bat eginda atera du NBEk gatazkan hildakoen kopurua. Biktimaren izena, hil zen eguna eta lekua, hiru datuak egiaztatu ezin izan dituzten 37.988 kasu zerrendatik kanpo utzi dituzte, eta hil asko NBEk erabili dituen zortzi iturriek dokumentatu gabe geratuko zirela ere nabarmendu du Pillayk. Aurreko ikerketa 2012ko azaroa artekoa zen: NBEk ordura arte 60.000 hildako zenbatu zituen.

Borrokak Libanon

Al-Qusseir hiria berreskuratu ostean, Alepoko frontea antolatzen ari dira Al-Assaden indarrak, baina borrokak Siriako eremu askotan gogortu dira. Armada erregularrak Damasko hiriburuaren eta Deraa hiriaren inguruetan hainbat operazio egin zituen atzo matxinoen kontra, Sana berri agentzia ofizialak jakinarazi duenez.

Arreta gehien, baina, Libanoko borrokek eragin dute. Bezperan, izan ere, «terrorista batzuei segika» Siriako helikoptero bat Libanoko aire eremuan sartu zen, eta bi misil jaurti zituen mugaldeko Arsal herrian. Siriako armadak, desenkusa gisa, «Libanoko herriaren burujabetza, lurraldea eta segurtasuna» errespetatzen dituela nabarmendu du.

Atzo, berriz, Hezbollah Libanoko mugimendu xiitaren eta Siriako Armada Askeko matxinoen arteko borrokak izan ziren Bekaako haranean, eta Siriatik jaurtikitako lau suzirik Nabachit, Rayak eta Sarin herrietan jo zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.