NBEk, EBk, Alemaniak eta Frantziak ikerketa independente bat eskatu dute Gazako azken sarraskia argitzeko

Nazioartea geroz eta gehiago estutzen ari da Israel zerrendako hilketen nondik norakoak argitzeko. PANek dei egin du herrialde horren kontrako zigor ekonomikoak agintzeko.

(ID_13657623) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Palestinar batzuk otoitz egiten, gaur, Rafahn (Gaza), suntsituriko meskita baten ondoan. HAITHAM IMAD / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 1a
15:00
Entzun

Gazan ehun lagunetik gora hil eta biharamunean, nazioarteak Israelen kontrako presioa handitu du, Tel Avivek zerrendan atzo egindakoa erabat azaldu eta argitu dezan. Egunak aurrera egin ahala, ugaritu egin dira gaur kritika eta gaitzespen mezuak eta, batez ere, ikerketa independente baten aldeko deiak. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres izan da lehena, eta haren ondoren eskari berbera egin dute, besteak beste, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak eta Emmanuel Macron Frantziako estatuburuak.

Israelgo armadak atzo aitortu egin zuen zibilen kontra egin zuela Gaza hiriaren hegoaldean, esan baitzuen jendetzaren aurka aritu zela, «mehatxua» zirelakoan janaria banatzeko. Baina zalantzan jarri zuen Gazako Osasun Ministerioak emandako datua; militarrek esan zuten, ohar baten bidez, beren erasoaren ondorioz pertsona gutxi hil zirela, eta beste heriotzak «bultzaden eta oinak zapaltzearen ondorio» izan zirela —behin-behineko datuen arabera, 112 lagun hil zituzten, eta 280 zauritu—.

Are, Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagarik argudio horri eutsi dio gaur: «Akusazioek diotenaren kontrara, ez genien tiro egin laguntza bila ari ziren norbanakoei, eta ez genion tiro egin konboi humanitarioari; ez lehorretik, ezta airetik ere». Nolanahi ere, atzokoarekin konparatuta, beste azalpen bat eman du gaur Hagarik, adierazi baitu soldadu talde bat «eremua segurtatzen» ari zela, eta «jendetza» haiengana joan zenean baino ez zutela tiro egin, «arriskua sentitu» zutelako.

Israelek azalpen argirik ez duela eman ikusirik, Guterresek ikerketa baterako dei sorta abiatu du gaur. NBEko idazkari nagusiak esan du «erabat hunkituta» dagoela Gazan atzo gertaturikoagatik, eta «sarraskitzat» jo du Israelgo armadak egindakoa. Aldi berean, Guterres kritiko agertu da NBEko Segurtasun Kontseiluak ez duelako onartu militarren eraso hori gaitzesteko testua —AEB Ameriketako Estatu Batuen betoagatik—: «Okertzen ari diren zatiketa geopolitikoek betorako boterea eraldatu dute, eta Segurtasun Kontseiluaren ekina geldiarazteko tresna bilakatu dute».

«Akusazioek diotenaren kontrara, ez genien tiro egin laguntza bila ari ziren norbanakoei».

DANIEL HAGARIIsraelgo armadako bozeramailea

Adierazpen horren ondoren, Macron gehitu zaio NBEko idazkari nagusiari. X sare sozialean, Frantziako presidenteak esan du zibilak Israelgo soldaduen «jopuntuan» egon zirela, eta «gaitzespenik gogorra» helarazi du; gainera, «egia argitara ateratzeko, justizia betetzeko eta nazioarteko legedia errespetatzeko» deia egin du. Baita Von der Leyenek ere, hark ere sare sozialetan idatzitako mezu batean adierazi baitu gertaturikoa ikertzeko eta «gardentasuna ziurtatzeko ahalegin guztiak» egin behar direla.

Baerbockek, gainera, ikerketarako eta gertaturikoa argitzeko deia errepikatzeaz gain, esan du Israelek «osoki azaldu» behar duela atzo Gazan zer egin zuen, eta zergatik gertatu zen «tiroketa eta izu kolektibo» hori: «Gazan herritarrek bizia baino gertuago dute heriotza».

Herrialde horietaz gain, besteak beste, Brasilek, India eta Jordaniak ere gaitzespen mezuak helarazi dituzte Israelgo armadaren hilketen inguruan. Aldiz, AEBak ez dira hain kritiko agertu, argudiatu baitute «informazio gehiago» behar dutela Gazan gertaturikoaz; Matthew Miller AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak esan du «erantzunak lortzeko presio» egingo dutela hori guztiaren berri dutenean.

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioak, berriz, Israelen kontrako zigor ekonomikoak onartzera deitu ditu nazioarteko herrialdeak.

Laguntza UNRWArentzat

Giza larrialdiari dagokionez, urtarril amaieran hamasei herrialde eta erakundek utzi egin zioten UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa finantzatzeari, Israelek salatu baitzuen, frogarik eman gabe —oraindik ere ez du halakorik egin—, UNRWAko langile batzuek urriaren 7ko erasoan parte hartu zutela Palestinako milizia armatuekin batera. Bada, NBEko talde horrekin akordio bat egin ondoren, Europako Batzordeak gaur jakinarazi du berriz finantzatuko duela UNRWA, eta datorren astean 50 milioi euro bidaliko dizkiola.

Gainera, Bruselak 150 milioi euro jarriko ditu Ekialde Hurbilean palestinarrak laguntzeko, eta kopuru horretako 82 milioi euro ere jasoko ditu UNRWAk. Talde horren goi mandatari Philippe Lazzarini pozik agertu da albiste horrengatik, esan baitu «garai kritiko batean» helduko dela funts hori; are, «giltzarritzat» jo du diru guztia jasotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.