NBEk Ekuadorko indigenen eskubideen urratzea salatu du

ERREDAKZIOA
2006ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Herri Indigenen Giza Eskubideetarako eta Funtsezko Eskubideetarako Nazio Batuen Erakundearen ordezkari berezi Rodolfo Stavenhagenek salatu du Ekuadorko segurtasun indarrek indigenen kontra egin eta haien eskubideak urratzen dituztela. Stavenhagen Ekuadorren barrena ibili da joan den apirilaren 25etik orain arte, eta Ekuadorko Gobernuak eta AEBetakoak TLC Merkataritza Askerako Ituna sina ez dezaten etaAEBetako OXY petrolio enpresaren kontra mugimendu indigenak martxoan eta apirilean eginiko protestak ikusteko edota haien berri jasotzeko aukera izan du.

Hain zuzen ere, iragan asteartean 5.000 ekuadortar inguruk manifestazioa egin zuten Quiton, Ekuadorko Gobernuari OXY konpainiarekiko kontratua hauts dezala eskatzeko. Izan ere, Ekuadorren jarduteko akordioa urratu izana leporatzen diote AEBetako enpresa horri.

NBEko ordezkariaren ahotan, TLC itunaren eta OXY konpainiaren aurka herritarrek eta CONAIE mugimendu indigenak eginiko mobilizazioei «neurriz kanpoko erantzuna» eman zieten agintariek. Stavenhagenen arabera, kasu batzuetan zapalkuntza erabili zuen Poliziak, eta beste batzuetan Quitoko nahiz beste zenbait lekutako protesta hitzorduetara zihoazen indigenen kontrako bazterketa. Zehazki, jantzi indigenak zeramatzaten herritarrak autobusetatik jaitsarazi eta atxilotu egin zituela salatu du Stavenhagenek.



PROTESTEN OIHARTZUNA. Martxoko protestak handiak izan ziren. Alfredo Palacioren gobernuari hitzemandakoa -TLCren gainean erreferenduma antolatzea- betetzeko exijitu zioten herritarrek. Era berean, petrolioa nazionalizatzeko eta Estatua erreformatzeko Asanblea Konstituziogilea biltzeko eskatzen diote Gobernuari. Protestak eta errepide blokeoak martxoaren erdialdean hasi zituen CONAIE Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak, eta hartu zuten indarraren erakusle izan zen Gobernuak bost probintziatan (Cañar, Chimborazo, Cotopaxi eta Imbaburan eta Pichincha probintziako Cayambe eta Tabacundo barrutietan) larrialdi egoera ezarri izana.

Stavenhagenen iritziz, azkenaldiko mobilizazioek iritzi publikoa polarizatu dute, eta hedabide batzuek indigenen aurkako diskurtso arrazista erabili dute. Gobernuaren aldetik, kaleko protesten kriminalizazio saioak daudela ereohartarazi du behatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.