NBEk estatu palestinarra aitor dezan PANen ekimena babestuko du Arabiar Ligak

Nazio Batuen Erakundeko 130 kideren babesa espero dute; AEBek beto eskubidea erabiliko dute ziurrenik

2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionala esan eta esan ari zen negoziaziorako baldintzarik bete ezean irailean bertan joko zuela NBE Nazio Batuen Erakundera, estatu palestinarra aldarrikatzera. Eta halaxe egingo du. Arabiar Ligak irailean aurkeztuko du PANen eskaera NBEn, iazko irailaz geroztik ez baita bi aldeen arteko negoziaziorik izan, eta palestinarrek zaila ikusten dute iraila baino lehen hurbilketarik egotea.

NBEk irailean egingo duen batzar nagusian, estatu palestinarra erakunde politiko independentea izatea aldarrikatuko du Arabiar Ligak, Jerusalem hiriburu duelarik eta 1967ko mugak oinarri hartuta; NBEko kide izatea ere eskatuko dute. Arabiar Bakerako Ekimeneko Batzordeak ere eskatuko du estatu palestinarraren aitormena. Haaretz egunkariaren arabera, NBEko 192 kidetik 130 inguruk palestinarren eskaeraren alde egingo dutela espero dute. Saeb Erekat negoziatzaile palestinarraren esanetan, berriz, «dagoeneko 117 herrialdek onartzen dute estatu palestinarra, eta Arabiar Ligak lan egingo du gehiago izan daitezen». Dena den, AEBek beto eskubidea erabiliko dute ziurrenik.

NBEren iraileko batzarrera joatekotan, abuztuaren 15a baino lehen egin beharko dute eskaerapalestinarrek. Hau da, batzarra baino 35 egun lehenago.

Uztailaren 26an NBEko Segurtasun Kontseiluak Ekialde Hurbilari buruzko eztabaida bat antolatuko du, eta palestinarren kasuari buruz hitz egingo dute.

Israelen iritziz, palestinarren erabakia «alde bakarrekoa» da, eta «bake negoziazioetatik erabat urruntzen da». Simon Peres Israelgo presidentearen hitzetan, estatu palestinarraren aitormenak «min handia egingo die palestinarrei, eta ezegonkortasuna eta tentsioa areagotuko ditu».

Porrota negoziazioetan

Israelen eta palestinarren arteko negoziazioak sustatzea helburu duen Laukoteak astelehenean izan zuen bilera, PANek bere eskaera irailean egitea galarazi nahian. Baina Laukoteak ez zuen ondorio garbirik atera, eta ez zuten adierazpen bateraturik aurkeztu. PAN prest zegoen Laukoteak negoziaziorako baldintzak lortuz gero, NBEri egin beharreko eskaera atzeratzeko. Baina bileraren porrota ikusita, ez dute aldarrikapena atzeratuko.

Israelen eta palestinarren negoziazioak duela hogei urte hasi ziren, baina iazko irailetik blokeaturik daude. Lorturiko akordioak alferrikakoak izan dira, Israelek ez baititu horietan adosturikoak bete. Israelek koloniak eraikitzen jarraitu du, eta, ondorioz, ez dute lortu okupazioarekin amaitzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.