NBEk funtsezkotzat jo ditu giza eskubideak auzia konpontzeko

Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako goi komisario Volker Tuerkek bidaia ofizial bat hasi du Ekialde Hurbilean, Israelek Gaza setiatzeari ekin eta hilabetera. Arabiar Ligako eta Egiptoko Gobernuko agintariekin batzartu zen atzo; Rafahko pasabidera joatekoa da gaur, Jordaniara bihar, eta Israelera, Zisjordaniara eta Gazara sartzeko eskaera ere egin du. Aintzat hartu behar da duela bi aste Israelgo Gobernuak jakinarazi zuela uko egingo ziola NBEko ordezkariei bisa emateari, Antonio Guterres erakundearen idazkari nagusiak nabarmendu zuelako Gazako miliziek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak ez zirela «ezerezetik sortu».

Tuerkek ohar batean atzo azpimarratu zuenez, «giza eskubideen urraketek» eragin dute Palestinako gatazka koska bat estutzea, eta uste du giza eskubideak aintzat hartzea «ezinbestekoa» dela irtenbide bat aurkitzeko.

Bestalde, Rafahko pasabidea zeharkatuta, Gazatik Egiptora sartu ziren atzo beste 330 atzerritar inguru, pasabideko iturriek EFE berri agentziari esan ziotenez. Pasabidea aurreko asteazkenean zabaldu zuten lehen aldiz zibilak igarotzeko, eta 1.400 lagun inguruk zeharkatu dute orduz geroztik, bi nazionalitate dituzten palestinarrak eta atzerritarrak kontuan hartuta. Egiptok dioenez, Gazan 60 nazionalitate inguruko 7.000 herritar zeuden setioa hasi zenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.