SIRIA

NBEk gerra krimenak egotzi dizkio Baxar al-Assaden erregimenari

Mediku iturrien arabera, Siriako militarrek 80 lagun inguru hil dituzte airezko eraso batean, Halaben. Bestalde, goizean bonba bat zartarazi dute Damaskon, NBEko begiraleen hotelaren alboan. Siriako Armada Askeak hartu du erasoaren ardura. 

2012ko abuztuaren 15a
19:18
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen batzorde independenteak uste du Baxar al-Assad Siriako presidentearen erregimenak eta shabiha izeneko miliziak gerra krimenak egin dituztela. Oposizioak ere hilketak eta torturak egin dituela nabarmendu dute txostenean, "baina ez dira izan gobernuak egindako erasoak bezain larriak, ez eta maiztasun eta tamaina berekoak". 

NBEk zabaldutako txostenean, shabiha miliziari egozten zaio Hula hiriko atentatuaren ardura. Bertan 108 lagun hil ziren, gehienak haur eta emakumeak. Txostena NBEko Giza Eskubideen Kontseiluari aurkeztuko diote iralaren 17an, nazioarteko komunitateak esku hartuko duen helburuz. 

Bitartean, indarkeriak ez du etenik herrialdean. Mediku iturrien arabera, Siriako armadak 80 lagun inguru hil ditu airezko eraso batean, Halab probintzian. Hil direnean artean daude ustez Libanon bahitutako 11 lagun. 

Goizean, Damasko Siriako hiriburuan bonba bat zartarazi dute NBEko begiraleak dauden hoteletik gertu. Siriako Armada Askeak hartu du erasoaren ardura eta adierazi du helburua ez zela begiraleen aurka egitea, baizik eta Baxar al-Assaden aldeko ofizial batzuen kontrakoa. 

Erasoan bost lagun zauritu dira bertako hedabideen arabera, baina Faisal Maqdad Siriako Atzerri ministrordeak adierazi du NBEko begiraleak onik daudela. Lehergailua erregaiez beteriko kamioi batean zegoen eta Dama Rose hotelaren atzean egin du eztanda. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.